Marcos Tedin Uriburu
Buenos Aires, Argentina, 1997

Arbaso euskaldunak baditu ere, futbolak gerturatu zuen euskarara Tedin. 2018an hasi zen ikasten, Argentinan bertan. Komunikatzailea, Euskal Herrian urte eta erdiz bizi izan zen, EHUko Multimedia Komunikazio Masterra egin bitartean. Sasoi berean, EITBn aritu zen praktiketan, eta, egun, euskarazko zenbait hedabidetan kolaboratzen du. Eñaut Mitxelena.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Apurka-apurka hurbildu nintzen. Ez da oso hizkuntza ezaguna hemen, Argentinan, eta 21 urte bete nituen arte ez nuen euskararen berririk izan. Athleticek bultzada handia eman zidan: Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzailea izendatu zutenean, klubak fama handia hartu zuen gure herrian. Athleticen sare sozialak euskaraz idatzita zeudela ikusi, eta berehala maitemindu nintzen hizkuntzaz.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Uste dut erabaki inkontzientea izan zela. Betidanik gustatu izan zaizkit hizkuntzak. Euskara ezagutu ostean, hizkuntzaren inguruan ikertu nuen eta ikasteko gogoa sartu zitzaidan. Buenos Airesko euskal etxe batean eman nuen izena eta, hala, bidaia oso polita hasi nuen.
Nolako prozesua izan duzu?
Gorabeheratsua, bizitza bezalakoa. Oso garestia batzuetan, astuna, nekagarria... Izugarrizko ahalegina egin dut euskara ikasteko, baina argi dago merezi izan duela. Une oro gozatu dut. Euskarari esker, esperientzia berri asko bizitzeko aukera izan dut. Orain, prozesuaren azken urratsa besterik ez zait falta: C2 agiria eskuratzea.
Zer izan da zailena zuretzat?
Orain arte, erronkarik handiena euskalki guztiak ulertzea. Ez baduzu euskalki zehatz bat entzuteko ohiturarik, oso zaila egingo zaizu ulertzea. Baina batua ondo ikasita oso erraza egingo zaizu euskalki guztiak ulertzea eta Euskal Herriko edonorekin berba egitea.
Eta errazena?
Zerbait egiteko gogoa baduzu, ia dena irudituko zaizu erraza. Beti egon naiz gustura euskara ikasten, eta horrek erraztu dit prozesua. Bestalde, uste dut hiztegia erraza dela ikasteko.
Erabiltzen al duzu?
Nire herrialdean, nahi baino gutxiago. Hala ere, Euskal Herriko lagunekin saiatzen naiz euskaraz hitz egiten. Horrez gain, egunero irakurtzen eta idazten dut euskaraz.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Ezina ekinez egina asko gustatzen zait, duela urte batzuk besoan tatuatu nuen.
Trikimailuren bat?
Trikimailurik onena euskaraz hitz egitea da. Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Erabiltzeko aukera badaukagu, aprobetxatu egin behar dugu. Guk geuk sortu behar dugu euskaraz aritzeko ohitura. Etxean euskaraz pentsatzeko tarte bat izatea ere oso lagungarria izan daiteke.