Urte biko geldialdi behartuaren ostean, aspaldiko partez bete-betean ari dira lanean Euskal Herriko antzoki eta aretoak. Ikasturtea inolako neurri berezi barik hasi zuten. Bakoitza bere mailan eta neurrian, horrek dakartzan kezka eta ardurekin. Gauza batzuk aldatu egin dira denbora gutxian, eta errealitate berriari egokitu beharra dago. Txomin L. Aramaio.

Aretoen biziraupena bermatua al dago? Zer uste dute aretoen arduradunek? Aisialdiaren kontsumoak bere horretan dihardu ala asko aldatu da pandemia eta gero? Bilboko Kafe Antzokiko Gotzon Uriberekin, Atarrabiako Totem aretoko Iker Isiegasekin, Azpeitiko San Agustineko Eusebio Belokirekin eta Gasteizko Jimmy Jazzeko Iker Arronizekin berba egin dugu beren iritzia ezagutzeko.
Denboraldiari irailaren hasieran ekin zioten Bilboko Kafe Antzokian, eta publikoaren erantzuna orain artean, behinik behin, oso ona izaten ari da, Uriberen esanetan: bai kontzertuetan bai gaueko giroan. Horren eraginez edo, gustura nabaritu dugu: “Bilbon modu naturalean sozializatzeko, ondo pasatzeko edota musikaz disfrutatzeko elkargunea zen Kafe Antzokia duela bi urte, eta berriro zabaldu ostean bere horretan jarraitzen du lokalak” azpimarratu nahi izan du. Besteak beste, nazioarteko taldeen kontzertuak, euskal taldeen lan berrien aurkezpenak eta bestelako hainbat proposamen dituzte esku artean datozen hilabeteotarako. Ekoizpen zabala edozein lekutatik begiratuta ere. Jendearen erantzuna ikusita, ezin geratu.
Eusebio Beloki Azpeitiko San Agustin aretoko programatzailea, aldiz, serio harrapatu dugu. “Duela bi urteko egoera eta oraingoa ez dira berdinak. Gurean, gauzak aldatu egin dira” nabarmendu du. Aretoetatik kanpo, gauza asko antolatu dira azken hilabeteetan, haren ustez:”Udalek dirua zeukaten eta gauza asko egin dira kalean. Gehiegi, nire gusturako”. Horrek eragina izan du San Agustinen funtzionamenduan. Izan ere, duela bi urteko formatuan lanean hasi direnean, jendeak ez omen du espero bezala erantzun. Kanpoko eskaintzarekin aseta edo, aretoko eskaintzan jende falta nabaritu dute. “Publikoa itzuliko ote da lehengora? Espero baietz, baina auskalo. Oraingoz, astiro-astiro joan behar. Orain dela pare bat urteko martxa berreskuratzea gustatuko litzaiguke, eta horretarako ari gara lanean”. Orain bi urte, urrian, azaroan eta abenduan gauza asko programatu zituzten. Ikasturte honetan, baina, nahiko geldi egon dira. Zain. Hori bai, pixkanaka-pixkanaka gehiago programatzen hasi dira.
Iker Isiegasek ere kezkaz ikusten du epe ertaineko etorkizuna. “Hainbeste jaialdi erraldoi izateak areto txiki eta ertainen krisia ekarriko du. Oraingoz, oso ondo ari gara lanean, baina beldur naiz datozen hilabeteotan krisi ekonomikoak aisialdiari eragingo ote dion eta kontsumo ereduan aldaketak nabaritzen hasiko ote garen”.
Iker Arronizen esanetan, pandemia eta gero jendeak gogotsu hartu zituen aretoko programazioa eta aisialdia. Hori bai, gogoan duenez, nahiko desordenatuta ibili ziren. Udara arte, ez omen zen erraza izan: soinu ekipoa berriro martxan ipini, langile berriak kontratatu... Berezia, jende mordoa ibili zelako. Pozik, baina horri guztiari modu eraginkorrean aurre egitea latza izan zen. Gauzak bere onera etorri eta guztiz ordenatuta, programatutako agenda luzea eta zabala da. Aurretik bertan behera geratutako batzuk, adibidez, berreskuratzen ari dira. Oro har, programazio indartsua izango da areto gehienetan. “Sektore osoa atera da kalera eta egundoko agenda daukagu guztiok. Dena topera dagoenez, lan handiko unea dugu”.
Azken bi urteak lokalean eman ondoren, musikariek gauzak kaleratu nahi dituzte, bai Euskal Herrian bai Estatuan bai nazioartean. “Lehen, sektorea bera bakarrik erregulatzen zen. Talde guztiak ez ziren batera ateratzen kalera. Oraingoan, aldiz, denak batera atera dira”.

Aldaketak orain eta lehendik ere

Geldialdi behartuak aldaketak ekarri ditu sektorera. Hala ere, aurretik ere bazetozen, Arronizen ustez, baina pandemiarekin areagotu egin omen dira: “Gaur egun, sarrera ia guztiak aurretik saltzen dira. Leihatilan, oso-oso gutxi. Jendeak planak egin nahi ditu, eta aldez aurretik prestatzen du dena”. Horrez gain, kontzertu ertainetarako areto falta dagoela uste du. Talde indartsuak gogor etorri dira eta sarrera guztiak agortzen dituzte, baina erdibidean daudenek zail dute orain. Bizirauteko zail. Sarrera gutxi saltzen dituzte, edo ez zenbakiak orekatzeko adina, behintzat.

Iker Isiegasen iritziz ere, ohituren aldaketa ez da oraingoa. Aurretik zetorren. “Kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Ez nuke esango sarreren salmenta krisian dagoenik, urtero hirietako pabiloi handietan ehunka mila sarrera saltzen baitira. Krisian erdiko klasea dago. Duela gutxira arte, aretoetan zeharreko bira duina egiteko aukera zuten. Orain, ez”. Estiloetan ere aldaketa sumatu du; adibidez, metala eta heavya gainbeheran doazela uste du, zahartuta daudela edo, egungo joeretatik at. Rapa, oi musika eta genero urbanoa, berriz, gero eta biziago omen daude.
Kafe Antzokiko Gotzon Uribek bezeroen erreleboa aitatu du aldaketez mintzatzean, eta Belokik poteoa: “Beranduago hasten da orain: kontzentratuagoa da, motzagoa. Jendeari barruan sartzea kostatu egiten zaio orain, nahiago du kalean geratu”.
Guztiek iritzi bera izan ez arren, puntu batzuetan, bederen, bat egiten dute. Eta zailtasunak zailtasun, lanean jarraitzeko gogoz daude. Badirudi etorkizunera moldatuko direla.