Zortzi kantu bildu ditu Bengok Bizirik izeneko bere lehen disko luzean. Izenburuari dagokionez, musikari gipuzkoarrak dio bizirik egotea une txar batetik on batera pasatzeko prozesua dela. Bada, ibilbide horretan, barruan duena atera eta beste etapa bat hasi du, bere eraldaketa pertsonala eta musikala islatzen duena. Hainbat aldarte ageri dira diskoan, “Galduta kantaren kaosetik hasita“ (honen bideoklipa ere egin dute, Lurra Filmsek, zehazki) “Barkamena abestiaren erredentziora“, tristuratik barne bakera eboluzionatzen duen prozesua. Oso Polita zigiluarekin, bere soinuarekin esperimentatzen jarraitzeko asmoa du Bengok, kontzertuekin segitzen duen bitartean: Bilboko Kafe Antzokian, maiatzaren 11n; Iruñeko Txintxarri tabernan, maiatzaren 26an; eta Bilbao BBK Live jaialdian, uztailaren 6an.

HEMEN BERRIRO da Sara Azurzaren bigarren diskoaren izena. Ziklo emozionalaz mintzatu da Zart kolektiboarekin kaleratu duen lan honetan. Euskaraz sortutako sei kanta bildu ditu bertan, La lune (frantsesez) eta Thinking eta Unexpected People (ingelesez) abestiekin batera. Pop, soul eta funky estiloak erabili ditu, baita musika elektronikoa ere. Hainbat lagun izan ditu ondoan diskoa osatzean: Iker Lauroba teklatuan eta gitarran, Julen Barandiaran baxuan eta Haritz Lauroba baterian.

EZ DA HORREN SINPLEA
Jexuxmai Lopetegi
Zart, 2023
Zarauztarrak 12 kantu sartu ditu azken diskoan. Abesti barnerakoiak dira, rock klasikorantz zein intimismo akustikorantz lerratuak. Raymond Carverren Sinplea poemak eman dio izenburua albumari, Harkaitz Canok euskaratua. Canorenak dira kantu gehienen hitzak ere, baina badira Joseba Sarrionandiak eta Anjel Lertxundik aspaldi idatzitako poema bana, eta Lopetegik anaia zenari eskainitako beste bat ere.

HARRIA
Harria
Egilea editore, 2022

Aitor Aldanondok (Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak) lagun hartu ditu Maitane Azkarate (ahotsa), Ekaitz Aranberri (gitarra eta ahotsa) eta Guille Sanz (bateria) bere proiektu berrirako. Beasaingo Pottoko Studion grabatutako 12 folk kanta bildu ditu taldeak lehen lana osatzeko. Sustraietara jo du Aldanondok kantuak sortzean: barne alkimiak, eraldaketek… biltzen dute diskoaren ideia orokorra.