Ander Gillenea
Fotokazetaria

Ibilbide luzeko fotokazetaria da Gillenea (Donostia, 1969). 1990ean hasi zen, Euskaldunon Egunkarian. 1998tik freelance-a, nazioarteko hedabide eta agentzia entzutetsuetan argitaratu ditu argazkiak: The New York Times, The Guardian, Libération, Associated Press, Getty Images, Agence France Press... Euskal politikaren azken urteetako historiaren lekuko, 1990etik 2018ra euskal gatazkaren inguruan ateratako argazkiak erakusten ditu Gure historiaren pasarteak izenburupean. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.

Erakusketa, proiekzioa... Zer da Gure historiaren pasarteak?
Proiekzioa, batez ere. Hasierako asmoa noizbait liburu bat argitaratzea zen. Horretarako, lehen hamar urteetako argazki analogiko guztiak berreskuratu behar ditut, baina dirua eta denbora behar dira. Eskari bat zela eta, proba txiki bat egin nuen proiekzioarekin, eta gero pentsatu nuen formatu hori diru pixka bat ateratzeko erabiltzea. Horrela sortu zen. Hiru hamarkadatako irudiak erakusten ditut, asko: 300 baino gehiago. Manifestazioak, atentatuak... Neurri batean, halakoak ikusten dira. Nola bizi ginen konturatzen zara: bizi izan duguna normalizatuta bizi genuen, baina giro gaitza zen. Ahaztu-edo egin dugu.

Gure historiaren pasarte latzak dira. Oso.
Bai, bai. Gertatu zena erakusten da. Tira, ahal dena, daukaguna, ez dugulako den-dena ikusterik izan: tortura, adibidez. Garai honi dagokionez, horma moduko bat ikusten dut. Adibidez, 1936ko kontuak-eta erakustea erraza da. Baina garai hau... Testuingurua jarri behar zaiola esaten dute. Horrenbeste argazkiren bidez, batzuek eta besteek egin edo babestu dutena erakusten dut. Nik nire lanbideari dagozkion azalpenak ematen ditut, argazkiok nola egin nituen kontatzen dut: zer, non, noiz, nola... Ez dut kontakizunik kontatzen. Zer egin behar dut, dena testuinguruan jarri ezin dudanez, hori guztia erakutsi ez? Noiz erakutsi behar dugu, orduan?
Euskal Herriko historia hurbila izanik, oroitzeko ala ahanzteko joera sumatzen duzu jendearengan?
Ikusten dutenei, oro har, gustatzen zaie ikusitakoa. Beharbada, ez ikusten dutena, baina nik erakustea gustuko dute. Joera izan daiteke gaia pixka bat aparkatuta edukitzekoa, esku-frenoa jarrita balego bezala.
Ezagutu ez zutenek, gazteek eta, nola erreakzionatzen dute?
“Hau guztia hemen gertatu da?” esanez.
Une oso gogorrak ikusi eta bizi izan zenituen. Eragiten zizuten?
Bai. Unean bertan, gezurra badirudi ere, kamerak babes sentipena sortzen zidan. Zeren eta parekoak egurra eman behar bazidan, emango baitzidan! Nik uste une benetan gogorrak ondoren zetozela. Edo aurretik, egun batzuetan banekielako leku arriskutsuetara nindoala: halako tokietan ez ninduen inork nahi! Banekien leku batzuetan bi aldeetara begira ibili behar nuela, kontu handiz. Beti saiatu izan naiz ez nabarmentzen, inor ohartu gabe lan egiten. Eta uste dut horrexegatik atera zaizkidala argazki asko ongi; adibidez, Giraldillen protestarena.
Nazioarteko agentziei zerk erakartzen die Euskal Herritik?
Lehen, gatazkak. Orain, denetik interesatzen zaie, guk uste baino gehiago. Sanferminak, Zinemaldia... halakoek bai. Futbolak ere bai, baina hori ez da soilik hemengo kontua. Gero, tradizioa, hemengo ohiturak, bitxikeria gisa saldu edo kanpoan erakusteko balio dutenak, halakorik ez dagoelako hor zehar. Izan daitezke, esaterako, artzain baten argazkiak. Bestela, inauteriak... denetik dute gustuko. Azkenaldian, ekonomiari buruzkoak.
Argazki ona ateratzeko, gaia ala begirada, zer da garrantzitsuena?
Niren ustez, begirada. Eguneroko gauzak gai hartuta ere oso argazki onak egin daitezke. Eta, askotan, gehiago iraun dezakete denboran.

Fotokazetariaren begia objektiboa al da?
Ez! Ezin du izan, aurreiritziak ditugulako, bakoitzak bere pentsamenduak; beraz, barruak, inkontzienteki bada ere, beti joko du alde jakin batera. Angelua, erabilitako objektiboa... Baina zintzoa izan zaitezke, hori bai.

DIDA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Eguna libre izateak mendi buelta egiteko.
Eta tristatu? Inguruko jendea gaizki ikusteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunen komentario txororen batek.
Eta negarra? Tristurak.
Zerk haserrearazten zaitu? Justua ez den zerbait ikusteak eta, batez ere, ezer egin ezin izateak.
Zerk harritzen zaitu? Jendearen itsutasunak. Nirea barne, agian.
Bizio bat: Garagardoa eguzkitan edatea.
Plazer txiki bat: Garagardoa, era berean, lagunartean.
Sekulako plazer bat: Oporraldia, baina lanetik benetan deskonektatua. Freelancea izanda, gutxitan.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Argazkilaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Gauza itsusiak bururatzen zaizkit...
Argazkilari bat: Carlos Villagran, Egunkariako hasierako argazkilaria.
Kolorea ala zuri-beltza? Bata zein bestea, unearen arabera.
Digitala ala analogikoa? Kamera.