Urrian zabalduko dute jendearentzat Omako basoaren erreplika, behin margotze lanak amaituta. Martxoan hasi zuten lanen bigarren fasea, eta udan amaituko dute. Bigarren fase honetan, 19 multzo artistiko margotuko dituzte, guztira 400 zuhaitz. Iazko udan, lehen fasean, 14 multzo artistiko margotu zituzten, orotara 454 arbola. Lan guztiak amaitutakoan, Agustin Ibarrolak Omako basoan egindako 33 multzo artistikoak ikusi ahal izango dira. Gainera, zenbait multzo handitu eta jatorrizko basoan ezabatu ziren hiru multzo berreskuratu egingo dira. Kortezubi herriko lurretan dago Omako basoa eta, urrian zabalduko badute ere, irailera bitartean bertatik bertara ikusi ahal izango dira margotze lanak. Izan ere, egunero bi bisita gidatu egingo dituzte, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Bisita erreserbatzeko, 94 465 16 57 telefono zenbakira deitu behar da.