Europako hegoaldean, kokaina kontsumoa da nagusi; ekialdean, berriz, metanfetaminarena. Hala ondorioztatu du Drogen Europako Behatokiak (EMCDDA, The European Monitoring Centre for Drugs and Drug Addiction) 2022an 21 herrialdetako ehun hiritako hondakin urak aztertu ostean. Zehazki, sei drogaren arrastoak aztertu dituzte: kokaina, ketamina, anfetamina, marihuana, MDMA eta metanfetamina. Ikerketaren arabera, bereziki Belgika, Herbehereak, Portugal eta Espainiako hirietan da nagusi kokaina. Gainera, 2016tik, kokaina arrastoak ugaritu egin dira. Ekialdean, aldiz, metanfetamina gailentzen da, batez ere Txekian eta Eslovakian. Haatik, mendebaldean ere ugaritzen ari da pixkanaka, besteak beste Belgikan, Alemanian, Espainian eta Europako iparraldeko herrialdeetan. Anfetamina hondakin gehienak, berriz, Europako iparraldean eta ekialdean antzeman dituzte; eta marihuanarenak, mendebaldean eta hegoaldean. Ur hondakinen azterketak aldagai asko ditu. Hala, emaitzak zorrozki irakurri gabe, droga kontsumoaren joerak ikusteko baliatu ohi du EMCDDAk.