Idazle donostiarrak ekainaren 8an eskuratuko du 111 Akademiaren saria, Amasako Hika txakolindegian egingo den ekitaldian. Izan ere, Akademiako kideek Azken etxea (Pamiela) eleberria izendatu dute 2022ko libururik gogokoena. Urtarrila eta apirila bitartean egin dira bozketak, eta Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa saiakera izan du azken bueltako lehiakide. Nobela honetan, idazleak hasieratik aurkezten dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erosi nahi duen emakumea. Hala ere, narrazioak aurrera egin ahala, egileak misterio gandua hedatuko du protagonistaren eta haren jomugen inguruan, irakurlearen jakin-minari eusteko. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna da, baina hori ez da oztopo irakurleak narrazioaz gozatu ahal izateko.

TROPEL AMAIGABEA argitaratu du Raul Perez Martinezek, berak osoki ekoitzia, zaletasun hutsagatik. Ez da horrela kaleratu duen lehen liburua: Jacques Anquetil (2012) eta Biba Coppi! (2018) horren adibide. Oraingoan, ospe handiko hainbat txirrindulari, gizonezko zein emakumezko, batu ditu lan berean. Txapeldun apartak izateaz gain, denek dute komunean noizbait, edo gehiagotan, Donostian aritu izana. Historiaz, istorioz eta pasadizo xelebrez betetako txirrindularitzari buruzko lan atsegina.

ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN
Olatz Mitxelena
Elkar, 2023

Ezer ez da dirudiena hamar istorio hauetan: errealistek zein fantastikoek, guztiek dute gorderik ustekabearen harra, bolante kolpea, magiaren printza. Mitxelenak, Igartza sariari esker ondutako bere lehen ipuin liburu honetan, prosa jostalari eta zehatza erabili du idazteko, eta irakurlearen gogoan luzaroan iraungo duten ideia berritzaileak, asaldatzaileak edota adar jotzaileak iradoki ditu.

IRUNBERRI, 1990: ARROILAREN NEGARRA
Pako Aristi
Erein, 2023

Idazle eta kazetari gipuzkoarra ikerketan murgildu da 1990eko uztailean Irunberriko arroilan ETAko kideen eta guardia zibilen artean jazotako gertakari bortitzak argitu nahian. Lekuko berriak elkarrizketatu, sumarioa aztertu eta garaiko hemeroteka arakatu ostean, ondorio garbia atera du: hura estatu krimena izan zen. Liburu hau ikerketa horren kronika da, baina nobela baten gisara irakurtzen da.