Gizakia bezain zaharra omen da musika. Lengoaia unibertsala da, baina denok ez dugu berdin ulertzen. Harreman primario bezain konplexua dugu harekin. Alde batetik, tonua, erritmoa, dinamika eta tinbrea berezko elementuak ditugu. Beste alde batetik, norbaiti zarata hutsa iruditzen zaiona beste bati artelana iruditu ahal zaio. Irrazionaltasun horrek egiten al du hain berezia? Usteak uste, gizakiaren musikarekiko pertzepzioa aldatuz joan da historian. Jagoba Salvador. Argazkia: Canva.

Musika etengabeko eraldaketan eta moldaketan ibili izan da betidanik, bere alderdi guztietan: entzuteko zein sortzeko moduak, estiloak, boladak, grabaketak, zuzenekoak, teknologia berriak... Bilakaera horretan, XIX. mendearen amaieran, Edisonen fonografoak berebiziko garrantzia izan zuen, asmakuntza horrek ahalbidetu baitzuen historian lehen aldiz musika grabatzea. Gaur egun, musika ez genuke era berean ulertuko euskarri fisiko batean iraunarazteko aukerarik gabe.
XXI. mendearen hasieran ere paradigma aldaketa gertatu zen, digitalizazioa eta Interneten sorrera, hain zuzen ere. Iraultza horrek hankaz gora jarri zuen musikaren mundua hainbat arlotan: entzuteko euskarriak, kontsumo ohiturak, estiloak, ikuspuntuak, industria eta abar. Egun, 2000. hamarkadako lehenengo urte haietako norabiderik eza egonkortuta dago, nolabait, baina urte oso gutxian erabat aldatu da gizakiok musikarekin dugun harremana.
Batetik, musika euskarri fisikoan erostea eta entzutea iraganeko kontua da. Duela hilabete batzuk Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak (IFPI) kaleratutako datuen arabera, 2022an streaming plataformen bidez lortu zen etekin ekonomikoa euskarri fisikoen bitartez erdietsitakoa baino lau aldiz handiagoa izan zen. Azken horien artean biniloaren hazkundea egundokoa izaten ari den arren (nazioartean, 2010ean 3 milioi ale saldu ziren; 2022an, berriz, 43,5 milioi), ikuspegi orokorretik melomano eta bildumazaleen kontua besterik ez da. Garai honetan, berehalakotasuna da nagusi, eta TikTok sare sozialeko bideo motzen boladetatik ateratzen dira unean uneko abestirik entzunenak.
Musika motez aritzea ere zaharkituta dago. Lehen, estiloak guztiz finkatuta eta sailkatuta zeuden, eta horrek korronte batekiko edota bestearekiko atxikimendua eta zegozkien eszenak sortzen zituen; orain, ordea, dena dago nahasita eta, partaidetza izaera hori galdu bada ere, aurreiritzi asko ezabatu egin dira. Lehen bateraezina zena orain guztiz zilegi izan daiteke.
Joera hauen isla argienak gazteak dira. Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko mila ikasleri baino gehiagori egindako galdeketetan oinarrituta, musikarekin lotutako hainbat datu eman zituen 2020. eta 2022. urteetan argitaratutako txostenetan. Horien arabera, % 4,4k bakarrik erabiltzen dute formatu fisikoa musika entzuteko. Estiloei dagokienez, galdetegia bete zutenen % 53,7k popa aipatu zuten, % 47,2k reggaetona eta % 46k pop-rocka (nahi adina estilo aukera zezaketen); kopuru apalagoak, rapa (% 18,5), trapa (% 14,4) eta musika elektronikoa (% 9,1). Dena den, estiloen arteko mugak inoiz baino lausoagoak dira. Gaur egun nor ausartzen da abesti bat popa, elektronikoa edo trapa den esatera? Zergatik sailkatu eta mugatu, dena egin daitekeenean?
Pentsaera dela eta, belaunaldien arteko arrakala nabarmena da. Ez da ezer berria gazteek alor guztietan aurrekoen ikuspuntuak eta moldeak ezbaian jartzea, joera naturala da. Oro har, seme-alabek ez dute bere sentitzen gurasoek entzuten duten musika, eta alderantziz. Musika joera apurtzaileak betidanik izan ditugu Euskal Herrian: trikitia, Ez Dok Amairu, punka, Euskal Rock Erradikala... Mende berriko musika, aldiz, oraingoz ez da etiketa jakin batekin bildu, baina ezaugarri nagusiak aurretik aipatuak dira: digitalizazioa eta nahasketa.
Aniztasun horren guztiaren erakusgarri, joan den apirilean Elorrioko Gazte Topagunean jo zuten taldeen zerrenda: lasaiak zein bortitzak, alternatiboak nahiz komertzialak, organikoak eta elektronikoak, hala gazteak nola helduak... Kontzeptu horien definizioa askotarikoa izan daitekeen arren, halako nahasketak eskola zaharreko musikazale bat baino gehiago harritu zuen. Onerako edo txarrerako, garaiak bestelakoak dira.

GAZTEAK ETA EUSKAL MUSIKA
Elorrioko Topagunearen adibideak argi utzi du gaur egun euskaraz edozein musika mota entzuteko aukera dagoela. BADOK euskal musikaren atarian osteratxoa egitea besterik ez dago gurean ditugun dibertsitateaz eta kalitateaz ohartzeko. Hala ere, zenbat musika entzuten dute gazteek? Izan ere, esan bezala, edozer entzuteko aukerak eta baliabideak inoiz baino eskuragarriago dituzte, baina, aldi berean, inoiz baino estimulu gehiagoren mende bizi dira. Gero eta zailagoa da edonoren arreta erakartzea. Nola eutsiko dio euskal musikak gero eta mundu globalizatuagoak dakarren etorkizunari?
Nolanahi ere, afera hau ez dagokie euskal musikari eta gazteei soilik, mundu osoan alor guztietan nagusitzen den joera orokorra da. Denok gara gero eta antzekoagoak; pentsamolde, bizimodu eta kulturak berdintzen ari dira, eta lekuan lekuko berezitasunak, ahultzen. Denborak esango du gure altxorrak zer norabide hartu duen, baina ez dezagun ahaztu gidariak gu geu garela.