Ikasturtearen amaierarekin batera, AIZU! aldizkariak erakusketa jarriko du Bilboko Kalderapeko Euskal Gunean. Izan ere, AEK Bilboko Zazpikaleetan zabaldu zuen eraikinaren 25. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan, eta azpian duen Euskal Gunea baliatu du joan den urtarriletik hainbat kultur ekitaldi antolatzeko. Orain, ikasturte amaierako jaia prestatzen ari da ekainaren 22rako: musika, bertsolaritza, bestelakoak... eta AIZU! aldizkariaren erakusketaren inaugurazioa. AEKren aldizkariaren 30 azal eskegiko dira Kalderapekoko hormetan, gehientsuenak eraikinak bete dituen 25 urteotan kaleratutakoak. Erakusketa abuztuaren amaiera arte egongo da ikusgai, eta, 23/24 ikasturtea hasten denean, egoitzaren beheko solairuetan dagoen Lizardi AEK euskaltegiak hartuko du kultur agendaren erreleboa, bere 40. urtebetetzea ospatzeko.