AMANCAY GAZTAÑAGA SAGARZAZU aktorea (Guayaquil, Ekuador, 1980) Kamikaz Kolektiboaren sortzaileetako bat da, baita Zestoako Arte Eszenikoen Eskolaren zuzendaria ere. Antzezlanak idazten eta zuzentzen ditu. Gainera, agur biran dabilen Grises taldeko abeslaria da. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Sarreran ezin dena sartu, baina libururen bat ere argitaratu duzu.
Bai, 39 lore (Susa), antzerki generoan, eta orain nire lehen nobela idazten ari naiz. Durangoko 2024ko Azokarako argitaratzea espero dut, baina... liburuak berak hartzen du bere bidea!
Lan mota piloa egiten duzu. Zortea? Beharra?
Ez dira lan mota ezberdinak, elkarrekin lotuta daude, denak daude harilko berean. Sortzailea etengabe ari da lanean, nahi duen horretaz bizitzeko lan mota ezberdinak egin behar direlako. Ezin da geratu gustuko gauza zehatzetan, ez du bizitzeko ematen. Egia esan, azken urteotan zortea izaten ari naiz, neuk sortzen dudalako neure lana neuk ezarritako baldintzetan. Nire ogibidea, une honetan, sortzailea izatea da. Neuk aukeratu dut eta oso-oso gustura nago, baina kontatuko nizuke gero zenbat dirulaguntza eskatu behar diren, zenbat txosten idatzi, zenbat buruhauste Udalarekin eta zenbat energia!
Zer duzu orain esku artean?
Uztailaren 7an, Kamikaz Kolektiboak Troia antzezlana estreinatuko du Zarauzko Kalerki antzerki jaialdian. Hortaz, une honetan jo eta ke gabiltza azken entseguak egiten. Gainera, Zestoako XI. Antzerki Astea gainean dugunez [ekainaren 26tik uztailaren 1era], bi gauzak elkartu zaizkit! Ekaina urtero izaten da lantsua, baina aurten...
Zestoa herri txikian Antzerki Astea, Arte Eszenikoen Eskola, Eromen konpainia... Nolatan?
Zestoa beti izan da herri nahiko irekia, arteari oso lotua. Garai batean bainuetxea eduki izanak eta bertara hainbat tokitako hainbeste jende ezberdin etorri izanak herritarrak irekiagoak izatea eragin omen zuen. Musikalki ere herri emankorra da oso, dantza taldea ere badago... Halere, politikariek badute hori ikusteko gaitasunik?
Ate asko jo behar horretarako. Astuna zarela ere entzungo zenuen, akaso.
Oso astuna naiz! Eta burugogorra! Hemengo politikariek badakite, baina kasu honetan astuna izan beharra dago, ezjakintasuna ere badagoelako: zer den gure lana, zer behar dituen antzerki eskola batek edo herri batek antzerki konpainia profesionalak ekartzeko... Askotan, politikariek ez dute ideiarik ere. Areto bat? Bai, baina nolakoa? Zenbat metrokoa? Nolako argiztapena? Badago teknikaririk? Zestoan, areto esaten zitzaion gela txiki bat besterik ez zegoen. Nire burugogorkeriatik hasi zen dena, baina eskerrak burugogor gehiago batu zaizkidan! Orain, arroka txiki bat osatu dugu, eta horrela joaten gara, kasu egin diezaguten. Ez dago besterik!

Kultura behar beste balioesten da erakundeetan?
Ez! Badago balioesteko nahia, eta ezjakintasuna ere bai. Bestalde, gure lana ez da praktikotzat jotzen: horrekin ezin da diru askorik irabazi, ez dago sistema kapitalistak beharrezkotzat dituen gauzen artean. Zer egiten dugu, bada? Jendea poztu, edo zirikatu; dantzan jarri, edo mugiarazi; arimak piztu... Niretzat hori kristorena da, baina sistema eraikita dagoen moduan lehentasunak errepideetako zuloak estaltzea, ez dakit zer ekartzea... dira; kultura bukaera-bukaera-bukaeran jartzen da, errealitatearekin talka egiten duelako: egungo jendartean kulturak betetzen duen tokia hutsaren hurrena da. Bestalde, kultura herritarren esku uztea oso arriskutsua da, betidanik! Herriari kulturaren bidez ematen zaio hitza, pentsamendu kritikoa sortzen da, eta hori ez da komeni. Hezkuntza sistemak jendarte mota zehatz batean bizitzeko moldatzen badu jendea, non du lekua pentsamendu kritikoak!? Horrek, agian, aldaketa ekarriko luke, eta ez da komenigarria.

“Sortzailea ezin da geratu gustuko gauza zehatzetan, ez du bizitzeko ematen”
“Askotan, politikariek ez dakite zer behar den kulturan”
“Kulturak jendartean betetzen duen tokia hutsaren hurrena da”
“Publikoa zer ari den ikusten eta jaten konturatu behar da”
“Grises taldea bizitzeko modu bat izan da, maitasun handiz agurtuko dugu”
“Euskara pasioa eta maitasuna da niretzat, baina eskolan gorroto nuen”
“Troia antzezlana Zarauzko Kalerki antzerki jaialdian estreinatuko dugu”

Feminismoaren eraikuntzara bideratzen dituzu zure lanak...
Emakumea izanda, aukera nezakeen besterik? Ez dakit bide hori neuk aukeratu dudan ala bideak aukeratu nauen ni. Nire generoa ezarria izan da, emakume gisa identifikatzen naiz eta identifikatzen nauzu, baina genero hau niretzat eraikitako zerbait izan da; hau da, emakume eraiki naiz eta eraiki naute. Orduan, hala eraiki nauten unean, feminismoak bide horretan topatu nau. Ez dago beste biderik.
Hortik doa aurten Donostia antzerki saria jaso duen Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra?
Fikzioak emakume gisa nola eraikitzen gaituen azaldu nahi genuen. Fikzioa egunero kontsumitzen dugu, gero eta gehiago. Ikusi Netflix, HBO, telebista (ETB ez, ez duelako fikziorik egiten)... eta hor gaude etengabe, zanpa-zanpa, eduki piloa modu konpultsiboan kontsumitzen. Eta eduki horrek nola eraikitzen gaitu? Inozente-inozente pentsa dezakegu ez digula eragiten? Gure barruan ez duela ezer sortzen? Ez gaituela zeharkatzen? Fikzioa eta emakumea oso lotuta daude maitasun erromantikoarekin eta objektu pasiboaren pertsonifikazioarekin. Aktoreok, gainera, oso ondo dakigu non kokatzen gaituzten, barrutik bizi dugu fikzioaren eraikitze hori. Behar bat zegoela ikusten genuen, publikoa zertara dagoen katigatuta konturatu behar dela, zer ari den ikusten eta jaten, fikzioa zer ari zaion esaten, horrek bizitza errealean nola eragiten dion.
Lehen, jendea barre egitekoa bazen joaten zen antzerkira...
Barre egitekoa eta sainetea baldin bazen, hots, politikoki oso zuzenak ziren gauzez barre egitera. Umorea arma indartsua da: jendea gogor zirika dezakezu, gai oso garrantzitsuez beste toki batetik hitz egin dezakezu, baina emakumeri utzi zaigu umorea egiten? Eta utzi bazaigu, nola? Iraiak [Elias] eta biok Matriuska egin genuenean, poz-pozik kontratatzen gintuzten, bi emakume ginelako eta lana umorezkoa zelako, baina gizonez jantzita ateratzen ginenean aurpegiak aldatu egiten ziren. Izan ere, betiko umorea egiten baduzu, alegia, atsoa naiz, atsoarena egingo dut, atsoez barre egingo dut eta barre eragiteko atsoak erabiliko ditut... ondo. Alabaina, umorea aldatzen bada, geure buruari barre egiten badiogu, gizonezkoak sartu eta seinalatzen baditugu, konplikatu egiten da kontua. Konplikatua izanagatik ere, beharrezkoa da.
Eta publiko gaztea?
Egun surrealismoari eta abangoardiei garrantzi handiagoa ematen zaienez, badago horrelako obrekin gehiago konektatzen duen publiko gaztea. Indarra hartzen ari da eta beste lengoaia batzuekin konektatzen du, ikus-entzunezkoetan hezia dagoelako. Zerbait desberdina sortzen ari da, ikusiko dugu...
Grises taldearen agur biran ere bazabiltza, zergatik agur?
Eta zergatik ez? Bizitzeko modu bat izan da, ziurrenik gure bizitzako esperientziarik indartsuenetakoa, eta 20 urte baino gehiago iraun du! Behar besteko maitasuna eta energia eskaini ezin diozula ohartuz gero, zergatik ez agurtu guretzat horren garrantzitsua izan dena? Agur esaten ere jakin behar da. Garaiz egitea oso ona da, bestela badakigu gero zer gertatzen den batzuetan ate bat ixten ez baduzu. Grisesi egundoko maitasuna diogu, horregatik uste dugu agur esateko unea orain dela, hileta ederrarekin, guk nahi dugun bezala, maitasun handiz. Azken kontzertua Azpeitian izango da, Sanagustin kultur gunean, abenduaren 30ean. Sarrerak oso azkar agortzen ari dira!
Zergatik abesten du Grisesek gaztelaniaz?
Zestoarrak gara, baina Eñaut eta biok Ekuadorren jaioak. Nik ia bost urte nituen hona etorri ginenean. Euskara ulertu arren, gurasoak euskaldunak ditudalako, nire ama hizkuntza gaztelania da. Orain, euskara pasioa eta maitasuna da niretzat, baina konplexu handia izan dut: txikitan ikasi nuen, bai, baina ikasi. Eskolan, gorroto nuen euskara, esan beharra daukat. Hor badago oso erraietatik datorren beste hizkuntza batekiko identifikazioa. Gainera, punkak ginen eta entzuten genuen musikaren % 80 erdarazkoa zen, Euskal Herrikoa izan arren. Punka bai, egin zitekeen erdaraz! Baina ingelesez abesten duten taldeei ez zaie galdera hau egiten... Ingelesak ez dira kolonizatzaileak izan? Barkatu, e? Baina erne zertan ari garen! Euskaldunak gara, euskaraz bizi gara, familiarekin eta lagunekin euskaraz egiten dugu, baina Grises gaztelaniaz sortu zen. Zergatik? Ideiarik ez!
Eta zergatik ikasi euskara?
Bada, hizkuntza zoragarria delako, eder-ederra! Maskulino-femenino genero banaketarekin zerikusirik ez duen iruditeria ematen dizu, eta horrek burua beste era batera irekitzen dizu. Horregatik maite dut euskara, neurririk gabe. Beste hizkuntza batek emango ez lidakeen aberastasuna eman dit beste mundu batzuk imajinatzeko. Bestalde, ezin garrantzitsuagoa iruditzen zait zailtasunaren ideia baztertzea, beste hizkuntza batzuekin ez da gertatzen. Gaur egun jendeak txinera ikasten du, edo alemana. Zergatik ez euskara? Kendu egin behar zaio kutsu hori, eta ikasleak, ikastera baino, erabiltzera animatu. Euskaldunok arazo handia dugu, beti ari gara euskaldun berriak zuzentzen, kaka zaharra! Nik euskara ikasten ari direnak euskararekin jolastera animatuko nituzke, antzinako hizkuntza ederra eta altxorra dela ikastera!

KOLKOTIK

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Pertsona jolastia.
Larunbat gauerako planik onena? Liburu eder bat hartu eta sofan etzatea.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berriaren lerroburua? Eusko Jaurlaritzak % 40 handituko du kulturarako dirua. Ez ETBrako, e? Kulturarako!
Non duzu inspirazio iturria? Unibertsoan.
Zein sare sozialetan ibiltzen zara erosoen? Instagramen.
Zerk galarazten dizu loa? Nire lau katuak oso astunak dira eta batzuetan atea jotzen didate.
Gustuko musikari edo taldea? Radiohead.
Eta aktore bat? Meryl Streep.
Aktore izateak daukan gauza on bat? Zure guztiz kontrako pertsonaia baten ikuspuntua zure azalean bizi dezakezula.
Eta txarra? Jendaurrean egotea.
Sormenerako gaitasunik izan ezean, zer izango zinen? Sormenerako gaitasuna denok daukagu, munduko gizaki guztiok, beti.
Bizitzako plazer txiki bat? Kafea.
Nor da heroia zuretzat? Ez zaizkit batere gustatzen heroiak.
Zerk ematen dizu lotsa? Gauza askok, oso lotsatia naiz.
Eta beldurra? Estatuei fobia diet. Eta hegalak badituzte, are gehiago!
Zerk ematen dizu amorrua? Heterotrollak ezin ditut jasan.
Norekin joango zinateke pintxopote batera? Lagun on asko dauzkat, beraz, haiekin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Dantza.
Nolakoa da Amancay? Alaia.