Azaleko minbizia ekiditeko asmoz, eguzkitako krema musu-truk eskainiko dute Herbehereetan aurtengo udan. Hala erabaki dute hango agintariek, azken urteotan minbizi mota horren kasuak asko ugaritu direlako herrialdean. Ondorioz, eguzkitako krema banagailuak hainbat lekutan jarriko dituzte: eskolak, parkeak, kirol azpiegiturak, kanpoaldeko jaialdiak, unibertsitateak, aisialdirako guneak... Horrela, eguzkitako krema ez emateko aitzakiak saihestu nahi dituzte Herbehereetako osasun agintariek. Ez prezioa, ez erostera joateko nagikeria... Herbeheretarrek edonon topatu ahal izango dute. Hain zuzen, azaleko minbiziari aurre egiteko kanpaina zabalagoaren parte da krema banatzeko ekimena. Hartara, krema egunero ematea aholkatzeaz gain, eguzki izpietatik babesteko beste hainbat gomendio ere zabalduko dituzte.