Koskobilo kobazuloa eta haren ingurua (Olazti, Nafarroa) aztertzeko laugarren kanpainan murgilduta ibili da udan Aranzadi Zientzia Elkartea. Bertako Udalarekin elkarlanean, oraingoz Neolito garaiko gizakiek erabiltzen zutela frogatu dute indusketetan lortutako aztarnekin. Halere, baliteke lehenagotik ere erabili izana. Amaia Gartzia.

1940an aurkitu zutenetik, Solutre aldiko (duela 20.500-24.000 urte) aztarnategi moduan erreferentetzat hartu izan da Koskobilo. Egun, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Olaztiko Udala elkarlanean ari dira inguru horren historia berreskuratzen. Lan handia dute aurretik, baina orain arteko indusketek makina bat urte atzeragoko argazki ezberdinak ari dira agerian uzten. Orain arte, Koskobilo II izeneko bigarren koba ehorzketa tokia zela frogatzen duten Neolitoko aztarnak eskuratu dituzte, hau da, lehendabiziko abeltzain eta nekazarien garaikoak. Halere, baliteke azken ehiztari-biltzaileen garaikoak ere topatu izana, Dani Ruiz aztarnategiko buruak dioenez: “Oraindik ezin dugu ziurtatu, neguan egiten baitugu aztarnen ikerketa zientifiko sakona, baina kobazulo honen bitartez Sakanako historiaurreko argazkia lortuko dugu”.
Koskobilo kareharrizko menditxoa da, Olaztin. XX. mendearen hasieran, Cementos Portland fabrikak ustiatzen zuen, porlana egiteko. Leherketa baten ondorioz, leize bertikal bat geratu zen agerian, Koskobilo I, lur sedimentuz betea. Garaiko langile batek pare bat letagin jaso, eta Maximo Ruiz de Gaona apaizari eman zion. Haatik, bertako sedimentuak ustiatzen jarraitu zuten eta dena nahasirik geratu zen. Halere, Ruiz de Gaonak eta beste aditu batzuek, Aita Barandiaranek, kasu, hainbat material arkeologiko eta paleontologiko jaso zituzten. Hala, 40ko hamarkadan, Nafarroako Kuaternarioko fauna aztarnategirik zahar eta aberatsena izendatu zuten artikulu batean.
Horrez gain, Solutre aldiko milaka suharrik eta suharrian egindako tresnen aurkikuntzek nolabaiteko lantegia zela erakutsi zuten. Ez nolanahikoa, izan ere, Pirinioetako mendebaldean, eta, oro har, Iberiar penintsulako iparraldean bakarra dela diote oraindik. 2019. urtean, Olaztiko Udala Aranzadirekin jarri zen harremanetan bertako ondarea balioesteko.

Koskobilo II
Koskobilo I eta II kobez gain, III eta IV izeneko guneak aurkitu dituzte: “Koskobilo I jatorrizko leizearekin lotuta dagoen aztarnategia da, eta Koskobilo II, berriz, orain induskatzen ari garen beste kobazulo bat”.
Koskobilo Ien, nahiz eta lurra nahasita egon, hainbat animalia espezie topatu dituzte: hogeita hamazortzi ugaztun espezie eta sei hegazti, tartean makakoa, errinozeroa, leizeetako hartza, leizeetako lehoia, baita oreina eta haren aurrekari bat ere, orein erraldoi modukoa.
Aldi berean, Koskobilo II kobazuloko indusketarekin hasi ginen, eta Koskobilo Iek galduta zeukana eskaini zigun: hondatu gabeko aztarnategi arkeologikoa. Aztarnategi batean, hainbat lur geruza edo maila izaten ditugu. Maila horiek antolatuak badaude, bertako materialak garai batekoak edo bestekoak diren esan dezakegu, baina Koskobilo Ien dena dago nahasita. Ezin dugu jakin zehazki hor agertutako animalia espezieak noizkoak diren” dio Ruizek.
Koskobilo IIn, orain dela 5.000-6.000 urteko aztarnak topatu dituzte, Neolitokoak, gure lurraldean ezarri ziren lehenengo abeltzain eta nekazarien garaikoak. “Horrez gain, suharrian egindako tresnak, zeramika pusketak eta animalien hezurrak topatu genituen, baina bereziki garrantzitsuena giza hezurrak izan ziren. Horrek leizearen erabilera adierazten digu, eta esan dezakegu Olaztin ezarri ziren lehenengo gizaki horiek Koskobilo II ehorzketarako erabiltzen zutela, alegia, hildakoak lurperatzeko”, Ruizek dioenez.
Oraindik ezin izan dira barruan sartu, lurrez beteta dagoelako, eta atarian ari dira lanean: “Atarian identifikatutako aztarnak falangeak, metakarpoak, hortzak eta horrelakoak izan dira. Baina hezur luzeak edo handixeagoak kobazulo barruan egongo direla uste dugu. Logikoa denez, hildakoak barru-barruan ehortziko zituzten”. Aztarna gutxi horiekin, ordea, badakite bi norbanako direla: bata bi urte inguruko umea eta bestea 16 urtetik gorako heldua. “Itxuragatik,azkeneko ehiztari-biltzaileekin lotutako aztarnak izan daitezke, baina laborategiko azterketa sakonagoaren zain gaude”, tentuz mintzo da Ruiz.

Koskobilo IV
Koskobilo IV ere gune interesgarria da. Ruizek azaldu duenez, “orain dela 12.000 urteko Goi Paleolitiko aztarnategi bat aurkitu genuen, aire zabalean. Ideia bat egiteko, Nafarroan oraintxe bertan beste bat besterik ez dago, Erriberrin”. Argi dago Koskobilo oraindik ere ezusteak eman ditzakeen parajea dela, halako kobazuloak oso urriak baitira Sakanan. Gainera, garai hartako kanpoaldeko aztarnategiak oso urriak izateaz gain, aurkitzeko oso zailak dira.

SEINALEZTAPENA
Koskobiloko historia denen eskura jartzeko, bisitak eskaintzen dituzte Olaztiko Udalak eta Aranzadik. Hartara, bertara joateko ibilbidea prestatu dute. Atontze lanei esker, herritik kobarainoko ibilbidea seinaleztatu dute eta informazio panelak jarri dituzte, baita plataforma bat eta teilatu bat ere kobako sarreran. Ibilbidea, Erburua kiroldegitik abiatzen dena, kilometro eta erdi ingurukoa da. Amaiera oso malkartsua du, 25 metroko desnibela dagoelako. Zati piko hori hobeki gainditzeko, 150 metroko luzera eta % 16ko aldapa duen bidea prestatu da.