Santiagoko (Galizia) katedralean, bada eskuizkribu ezagun bat: Codex Calixtinus. XII. mendearen erdialdean latinez idatzia, Liber Sacti Iacobi sortaren parte, Donejakue bideari eta done Jakueri eskainitako lana. Ustez Aymeric Picaud frantses elizgizon eta erromesak egina, otoitz, sermoi eta antzeko kontuak ditu nagusiki, baina Donejakue biderako bidaia gida modukoa ere bada atal batean. Gidor Bilbaok 1994an Uztaro aldizkarirako eginiko itzulpenari esker, atal horren pasarte batzuk ekarri ditugu hona. Euskaldunok ez gara, ez, oso onik ateratzen Picauden begiradaren arabera... Eñaut Mitxelena.

Baskoak eta nafarrak
Tellus Basclorum eta tellus Nauarrorum bereizten ditu Picaudek, euskal lurraldea eta nafar lurraldea. Baskoak (bascli) Baiona eta Orreaga arteko biztanleei esaten die, eta nafarrak (nauarri) hegoaldeko lurraldeetakoei. Finean, egungo Ipar eta Hego Euskal Herriarekin pareka daitezke. Baskoen lurraldea “mintzaira basatiko lurra da, oihantsu eta menditsua, ogi, ardo nahiz bestelako janaririk gabekoa, sagarrak, sagardoa eta esnea ez bada”. Nafar lurraldea, aldiz, “ogi eta ardo, esne eta ganadutan aberatsa” da. Halere, herri bera zela konturatu zen Picaud: “Nafarrek eta baskoek itxura eta ezaugarri berdinak dituzte, janariak, jantziak eta hizkuntzari dagokionean, hain zuzen, baina aurpegia zuriagoa dute baskoek nafarrek baino”.

Gastronomiaren paradisu

Zein dira ezaugarri horiek? Adibidez, nafarrak “belaunetarainoko oihal beltz laburrekin” janzten direla, “eskoziarren erara”, eta “lauarcas ‘abarkak’ deitzen dituzten” oinetakoak erabiltzen dituztela. Xehetasun gehiago badira, baina hobe laburbiltzea: “Zinez itsusi janzten dira, eta itsusi jan eta edaten dute”. To eta no, Basque Culinary Center! Etxeko jaun edo morroi, etxekoandre edo neskame, lapiko bakarretik eta eskuekin jaten omen zuten. Gainera, denek edalontzi bakarretik edanez. Katxia ez da txosnetako asmakizuna, antza. Tokitan zeuden egungo Michelin izar eta esperientzia gastronomikoak: “Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari den txakur edo txerritzat hartuko zenituzke”.

Basatiak, baina dog friendly

Dirudienez, Picaudek bazuen zerbait txakurrekin eta euskaldunekin: “Berbetan entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute”. Hori bai, euskarazko hitzen zerrenda bat egin izana eskertu behar zaio: ogiari ‘ogui’ esaten ziotela, ardoari ‘ardum’... Egia esan, hiztegia lantzeko irakasle aparta da erromes erretxina. Hara zer-nolako joritasuna: “Herri basatia da hau, (...) zeinahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan iaioa, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia”. Jatorra gizona!

Euskal Herri berdea

Harrituta? Bada, lasai, Picaudek badu eta gehiago. Basatiak izatea nahikoa ez, eta sexu kontuetan oso bizarroak. Sodoma eta Gomorra, Bizkaiko golkoan! “Hango eskualde batzuetan, Bizkaian eta Araban, hain zuzen, nafar gizonezkoek andrazkoei eta andrazkoek gizonezkoei lotsariak erakusten dizkiete elkarri, berotzen diren bitartean”. Gizakion artean jardunda nahikoa ez, eta “haragikeria lohian lotzen dira abereekin nafarrak”. Picaudek ematen dituen xehetasun ugariak ikusita, asaldagarria baino erakargarria egiten zitzaiola pentsatzen hasi beharko: “Gainera, musu likitsak ematen dizkio andrearen eta mando emearen aluari. Zertan ibili ote zen elizgizona euskaldunon artean?