Mikroplastikoen kutsadura gutxitzeko helburuz, hainbat produktutan nahita gehitzen direnak debekatu berri ditu Europako Batzordeak. Hots, garbigarri, jostailu eta kosmetikoei berariaz gehitzen zaizkienak. Hala, urritik aurrera ezin dira halakoak saldu Europan. Debekua ezartzerakoan, mikroplastikoaren definizio nahiko zabalari heldu diote: bost milimetrotik beherakoak diren polimero sintetikoen partikula guztiak, disolbaezinak ez ezik degradatzeko zailak ere badirenak. Halakoak dituztenen artean, purpurina ezagun eta koloretsua dago. Baina baita kosmetikoetan eta antzekoetan erabiltzen diren perla esfoliatzaileak ere. Finean, produktu askotan erabiltzen dira halakoak: garbigarriak, jostailuak, kosmetikoak, botikak, leungarriak... Dena dela, debekuari salbuespen batzuk ezarri zaizkio, ekoizleak pixkanaka neurrira egoki daitezen. Debekuari esker, ingurumenean milioi eta erdi tona mikroplastiko askatzea eragotzi nahi du Europako Batzordeak.