Hiru txapelketaren amaiera dakarte udazkeneko azken asteek. Azaroaren 18an, Taldekako Xilaba Txapelketako finala egin zuten Aiherran. Irantzu Idoatek, Nahia Sascok eta Ortzi Idoatek osatutako Hazparkek irabazi zuen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako txapelketa. Hurrengo bi hitzorduak, aldiz, jokatzear dira. Abenduaren 2an, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala izango da. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, honako bertsolari hauek bilduko dira: Saioa Alkaiza (egungo txapelduna), Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Azkenik, abenduaren 16an, 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Bilbao Arenan egingo da. Azken finalaurrekoa azaroaren 25ean zuten jokatzekoa, aldizkari hau inprimategian zegoenean. Ordurako, bi izen baino ez ziren jakinak: Xabat Galletebeitia eta Jone Uria, beren finalaurrekoak irabazita finalerako zuzenean sailkatuak. Nolanahi ere, zorionak guztiei: hala irabazleei nola finaletan parte hartu eta hartuko dutenei!