Txarles Ranero
Bilbo, 1964

AEK-ko beteranoa da Ranero. Gaztaroan AEKn euskara ikasten hasi, eta bizpahiru urteren buruan eskolak emateari ekin zion, lehenik bere auzoko gau eskolan. Harrezkero, AEKn dabil lanean, baina ez irakasle. Izan ere, urteak daramatza AEKren AHIZE hizkuntza aholkularitza zerbitzuaz arduratzen. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nire familia beti izan da euskaltzalea, nahiz eta erdalduna izan. Diktadurako azken urteetan, euskara desagertuta zegoen bizitza publikotik. Eskolan ez zen ez lantzen ez agertzen. 78tik aurrera edo, gau eskolen mugimendua pizten hasi zenean, 16 bat urte nituela, auzoko elkarte bat euskara eskolak eskaintzen hasi zen eta izena eman nuen. Orduan, +++Hitz egin metodoa erabiltzen zen, baina ez zuen fruitu askorik ematen. Ondoren, 1981. urtean, Bilboko AEKn hasi nintzen, Azkue euskaltegian. Garai hartan, aldaketa esanguratsuak izan ziren irakaskuntza metodoetan: metodo komunikatiboa, horma irudiak eta halakoak erabiltzen hasi zen AEK. Ni metodologia horren kumea naiz, baita trinkotasunarena ere, orduan hasi baitziren eguneroko 2 orduko moduluak eta trinkoak.
Nolako prozesua izan duzu?
Oso aberasgarria. Beste mundu bat ikustea izan zen, eta garai hartan ez zen erraza, euskara desagertuta zegoelako. Orduan sortu ziren Euskadi Irratia, Euskal Telebista… Niretzat, Euskadi Irratia ikasteko oso tresna indartsua izan zen, inguruan ez zegoelako euskararik. Ordu luzez entzuten nuen, eta murgiltzeko metodo bat izan zen niretzat. Bestalde, Bilbon, garai hartan, kamikaze xamarrak izan ginen, edo ziren, AEK-koak. 2. urratsean, ogitartekoa jateko geratzen ginen ikasleok mintzapraktika egiteko. Orduan, Bilbon, hura zen aukera bakarra. Halako "aktibismo basatia" egiten genuen. Adibidez, Corte Ingelesera joaten ginen euskaraz eskatzera... eta kanporatu egiten gintuzten.
Zer izan da zailena zuretzat?
Betikoa: hasiera batean, aditzak. Nahiz eta gero konturatu oso kontu logikoa dela eta, behin logika hori harrapatuta, erraz barneratzen dituzula. Bestetik, euskal munduan sartzea: zelako frenoak! “Aizu, euskaldun berria zara, zuek horrela esaten duzue, baina hemen beste modu batera idazten da!” eta halakoak entzun beharra. Euskaldun peto horiekiko harremanetan zailtasun unea izaten zen, eta esango nuke leku askotan oraindik ere badela gaur egun.
Eta errazena?
Metodologia. Une hartan, metodologiak eta murgiltzeak sekulako aurrerapausoa ekarri zuten orduko gainerakoekiko.
Trikimailuren bat?
Inguruan praktikatzeko eta entzuteko aukera handirik ez badaukazu, gaur egun badaude irratiak, podcastak eta beste milaka aukera etxetik irten barik hizkuntzan murgiltzeko. Beraz, zirrikitu horiek aprobetxatu.