Kiel-eko Unibertsitatean (Alemania) egindako ikerketa baten arabera, eremu beroetan ozenago hitz egiten da. PNAS Nexus agerkarian kaleratutako ikerketak dioenez, tenperaturak eragina du hizketaren bolumenean. “Oro har, eskualde epelenetako hizkuntzak zaratatsuagoak dira eskualde hotzenetakoak baino” azaldu du ikerketaren zuzendari Soren Wichmann hizkuntzalariak. Hitz egitean, hitzak airetik igortzen dira. Ondorioz, airearen ezaugarriek eragina dute hizketa sortzean eta entzutean. Abiapuntu horrekin, ASJP Automated Similarity Judgment Program egitasmoko datuak baliatu dituzte ikertzaileek (hizkuntza ugariren oinarrizko hiztegia batzen duen datu basea da). Ikusi dutenez, ekuatorearen inguruko, Ozeaniako eta Afrikako hizkuntzek sonoritate ozenagoa dute, hots, eskualde beroenetakoek. Hala, urteko batez besteko tenperaturaren eta hizkuntzen sonoritatearen arteko lotura egiaztatu omen dute. Hori bai, zenbait salbuespen ere topatu dute. Adibidez, Erdialdeko Amerikako hizkuntza batzuek sonoritate nahiko baxua dute, nahiz eta eskualde beroak izan. Egia ote?