Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek erakutsi du giza gorputz osoa ez dela abiadura berean zahartzen, baizik eta gure organoak erritmo desberdinetan narriatzen direla. Zientzialariek 5.678 pertsona aztertu ostean egiaztatu dutenez, 50 urteko edo gehiagoko heldu osasuntsuen % 20k, gutxienez, besteak baino azkarrago zahartzen den organo bat daukate. Ondorioz, zahartzea gaixotasun bat garatzeko arrisku faktore nagusia dela kontuan hartuta, pertsona horiek organo horrekin lotutako hainbat eritasun izateko arrisku handiagoa dute. Haatik, ikerketak alde on bat ere erakutsi du: Tony Wyss-Coray Stanfordeko neurologia irakasle eta ikerketaren egile nagusiaren arabera, "organo batek itxuraz osasuntsua den pertsona batengan duen adin biologikoa odol analisi sinple bati esker kalkula daiteke". Beraz, esku-hartze terapeutikoak sintomak agertu baino askoz lehenago abia daitezke, eta horrek onura ugari dakartza, jakina.