Aldizkari hau inprentan zenean egoera aldatu ez bada, Beskoitzeko ikastolako haur, guraso eta irakasleek ez dute urtea gozo amaitu, Herriko Etxeak bukatutzat eman baitu ikastolak hartzen duen lursailaren alokairu kontratua: sei hilabete barru, barrakoi prefabrikatuz osatutako ikastola legez kanpokoa izango da, eta Seaskak ezingo du eskolak emateko baliatu. Abenduaren 18ko herri kontseiluan onartu zen Fabienne Ayensa auzapezaren proposamena. Hilabete baino ez 2.500 lagunek, ikastolaren aldeko manifestazio nazionalean, ikastola eraikitzeko baimena eskatu zutenetik, haurrek baldintza duinetan ikas dezaten behingoz. Izan ere, duela 10 urte, 4 ikaslerekin jarri zen martxan ikastola, Herriko Etxeari alokatutako eremuan, eta egun 50 haur inguru ibiltzen dira bertan. Seaska aspalditik dabil herri erakundearekin negoziatu nahian, baina hark etengabe jarri ditu oztopoak eta aitzakiak eraikina altxa ez dadin. Seaskak erantzuna ongi hausnartzeko asmoa du, baita datorren ikasturtean Beskoitze ikastolarik gabe ez uztekoa ere. Bitartean, euskarafobiak, ez amaierarik ez mugarik.