‘Cookie’ (galleta, ingelesez) esaten zaie webgune gehienek gure gailuetan idazten dituzten testu artxibo labur batzuei. Webguneko bisitarietako bakoitza kode ezberdin batekin identifikatzeko balio dute, horrela funtzionamendua arintzeko. Adibidez, online denda batean sartzen zarenean eta zure erabiltzailea eta pasahitza idazten dituzunean, hurrengo bisitan berriz idatzi beharrik ez izateko.
Cookieen erabilera hedatu eta korapilatu egin da denborarekin. Publizitaterako asko erabiltzen dira, gure nabigazio ohiturak aztertu eta haietan oinarrituta iragarki bat ala beste eskaintzeko. Hala, helburu tekniko ulergarriekin hasi zena gutako bakoitzaren etengabeko zaintzarako tresna bilakatu da, eta horrek kontrako erreakzio ugari sortu ditu. Googlek berak hainbat aldiz esan du laster utziko diola cookieak erabiltzaileari, besteak beste gaur egun nagusi den Chrome nabigatzailean. Berri pozgarria litzateke, cookieen ordez proposatzen duen teknika ez balitz, oinarrian, Interneten erabiltzaile guzti-guztiok Googleren zerbitzari batean identifikatuta egotea, nahitaez.
Europako Batzordea hain dago arduratuta internauton pribatutasunarekin, ezen urtarrilaz geroztik asko zorroztu dituen Interneteko eragileek bete beharreko arauak. Horregatik biderkatu zaizkigu azken asteotan lehenago ere nonahi topatzen genituen cookieen gaineko abisu eta kontrol leihoak. Are gehiago, webgune askotan, batez ere hedabideetan, dirua ere eskatzen hasi dira cookieak onartu nahi ez dituzten bisitariei. Labur esanda, hau da horren azalpena: “Ez badiguzu zure datuekin ordaindu nahi, diruarekin ordaindu gure edukia”.
Azkenean, irtenbidea ere arazo bihurtu da: bisitatzen ditugun webguneek guri buruz zer informazio gordetzen duten kontrolatzeko sortutako arauak, azkenean, erabiltzaileok hainbeste abisu eta kontrolekin nazkatzeko arrazoi bilakatu dira. Europako Batzordeak berak esan du buelta bat eman behar diola cookieei buruzko ohartarazpenen gaiari.
Nork esango zigun galleta inozo batzuek horrenbesteko buruko mina emango zigutela!

LOTURAK

https://consentomatic.au.dk/
Consent-o-Matic, Chrome, Edge, Firefox eta Safari nabigatzaileetan instala daitekeen gehigarria cookieen gaineko abisu eta konfigurazio leihoak automatikoki betetzeko.
https://labur.eus/gailetak
Cookieei buruzko informazio gehiago Wikipedian.
https://labur.eus/goraino
Cookieei buruzko azalpenak sarean.eus podcastean.