Reyes Ilintxeta
Iruñea, 1968

Euskalerria Irratian euskaraz entzun dezakegu, egunero, Ilintxeta kazetaria. Euskara ikasten eta kazetaritza ikasketak amaitzen ari zela hasi zen Iruñerriako irratian praktiketan, eta ordutik dabil bertan lanean. Beste hainbat hedabidetan ere bai: Argia astekaria, Ze berri? aldizkaria... Hizketan zein hizpide, euskara ahoan. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Gure familian erabat galdua zegoelako. Gurasoek ez zekiten euskaraz. Amaren aldeko aitona-amonek bai, baina, toki askotan bezala, belaunaldi batean galdu egin zen. Hala eta guztiz ere, gure eguneroko hizketa moldean hitz asko mantendu egin ziren, baita tokien izenak, kantuak… ere. Hortik sortu zitzaidan jakin-mina. Giro horretan hazi ginen txikitan, zerbait falta zitzaigula sumatzen bezala. Horregatik eman nuen izena, ahal bezain laster, auzoko euskaltegian, Arrosadian. AEK-k euskaltegia zabaldu zuen, eta kazetaritza ikasketak hasi nituen urte berean hasi nintzen han ikasten, falta zitzaigun hori berreskuratzeko.
Nolako prozesua izan zenuen?
Oso dibertigarria, oso polita, oso azkarra eta sorpresaz betea. Niri asko gustatzen zitzaidan, adibidez, hasi berria zen Euskalerria Irratia entzutea, edo bertsolariak, musika... Hasieran, horrelako deskubrimenduak egunero egiten nituen. Liluragarria iruditzen zitzaidan, batez ere, euskaldun zaharren hitz egiteko modua: zein gutxi korapilatzen diren hitz egiteko! Pixkanaka, gero eta gehiago sartu nintzen, gero eta gehiago ikasi nuen. Ondoren, AEKn ez zenez sortu EGA eskuratzeko ongi zetorkidan talderik, Arturo Campion euskaltegira joan nintzen, eta arazo handirik gabe gainditu nuen. Gainera, ikasturte hartan AEKtik deitu zidaten eskolak emateko. Aldi berean, karrera amaitzear nuela, Euskalerria Irratian praktikak egiten hasi nintzen. Erabateko murgiltzea izan zen irratia, egunero pila bat ikasten nuen. Eskolak eman, irratian hasi, titulua lortu... dena urte berean izan zen.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Bereziki zaila, naturaltasunez hitz egitea. Euskaldun berriok gauzak erraz esateko baliabide gutxi dugunez, arreta handiz entzun behar dugu euskaraz ongi hitz egiten dutenek nola esaten dituzten. Pertsona askori berez ateratzen zaiena guri ez, eta kostatu egiten zaigu. Hortaz, dena hitzez hitz aztertu behar dugu, gero kopiatzeko. Prozesu landua da, luzea eta exijentea; baina lortuz gero, oso polita.
Eta errazena?
Gustura zaudenean eta gogoz zaudenean, gauzak oso-oso ongi ikasten eta finkatzen dituzu, kasik esfortzurik egin gabe.
Trikimailuren bat?
Onena da hiztun onei aditzea, lasaitasunez hartzea eta entzutea. Euskara naturala hitz egiten duten pertsonei aditzea eta erreparatzea, nola egiten duten esan nahi dutena oso hitz gutxirekin esateko. Guk esaldi oso luze eta katramilatsuak egiten ditugu; bada, aztertu nola hitz egiten duten hiztun onek eta saiatu kopiatzen.