Barakaldoko eta Pirinioetako AEK-ko ikasleak Arantzako inauterietan elkartu ziren joan den hilean. Ia 60 lagunek igaro zuten asteburua jai giroan. Ostiral arratsaldean bertso-poteoa eginez hasi zuten egonaldia, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo bertsolari nafarrak lagun zituztela. Larunbat goizean, berriz, Mendaur mendirako txangoa eta herria ezagutzeko ginkana egin zituzten. Arratsaldean, tailerrak, kalejira, herri kirolak... Bukatzeko, igande goizean beste txango bat egin, mahai jolasetan ibili eta talde argazkia atera ondoren, bazkaldu eta gero itzuli ziren denak etxera, lagun berriak egin eta euskaraz franko hitz eginda.