Julen Axpe
Umoregilea
Furgonologo izeneko lanarekin, furgoneta batean dabil hara eta hona azken urteetan Axpe (Otxandio, 1995), baita sare sozialetan esketxak zabaltzen ere. Furgoneta du bai etxe bai lantoki: 2019an, Bartzelonara joan zen bakarrizketa ikuskizun bat egitera, eta orduan hasi zen furgonetan bizitzen. Ordutik bizi izandakoak baliatzen ditu umorez kontatzeko, eta Aupa hi! saioa ere egin zuen ETBn. Aurretik futbolean ibilia, DAZN plataforman Athleticen partidak euskaraz kontatzen ditu. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Furgoneta zure etxea eta zure lantokia da. Nola moldatzen zara horrela?
Fase ezberdinak bizi izan ditut. Bartzelonan, 4 urtez egon nintzen hiri erdian furgonetan bizitzen. Lo egiteko tokia zen furgoneta; egunez, dutxatzeko, futbol zelaira joaten nintzen; idazteko, liburutegira; komunera, tabernetara... Bizitzako erosotasun horiek ez izateak adimena bizkortu beharra eragiten zidan, eta orduan bizi izan nituen gauza askok gerora nire komedia elikatu dute. Orain, beste fase batean nago: Otxandion bizi naiz berriro. Amamaren etxean jan, aitaren etxean dutxatu, amaren etxean afaldu... eta lo furgonetan egiten dut. Lehen, furgonetan egiten nuen dena, baina orain logela da, eta herrian egonda erosotasun gehiago dauzkat.
Nola definituko zenuke zeure burua? Bidaiaria, nomada, alderraia...
Furgonetak askatasuna eman dit, nagusiki. Lekuetara joateko, nire showak egiteko; eta, sormen aldetik, sormen iturri handia izan da beti. Nomada edo? Ez; azken batean, nik bueltak ematen ditut, baina oso lotuta sentitzen naiz nire herriarekiko, familiarekiko, neska lagunarekiko... Hortik aurrera, batera eta bestera ibili behar badut, egingo dut, baina beti daukat nora itzuli, eta horrela sentitzen dut.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna?
Nire txakurrak besarkatzeak.
Eta tristatu?
Sortzeko proiekturik ez izateak.
Zerk eragiten dizu barrea?
Bakarrizketek.
Eta negarra?
Zenbait pelikula tristek.
Zerk haserrearazten zaitu?
Palatan galtzeak.
Bizio bat?
Frontoia.
Plazer txiki bat?
Japoniar buffet librea.
Plazer handi bat?
Barikuetan, amamaren etxeko babarrunak.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Futbolaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi?
Bulegaria.
Bakarrizketari bat?
Zuhaitz Gurrutxaga.
Futbolari bat?
Nico Williams.
Furgoneta modelo bat?
Volkswagen T4 California, nirea.
Autokarabanak ez zaitu tentatzen?
Noizbait oparitzen badidate, ez diot uko egingo, baina oraingoz nire furgonetan jarraituko dut, eta nahiago.