Kontu Berrien Leihoa II
- Jokin Altuna: “Ilusio handia egingo lidake Euskal Selekzioar...
- Ibon Gaztañazpi: “Arraunean, herriarekiko atxikimendua beldu...
- Oihana Azkorbebeitia: “Zegama-Aizkorri larregi hazi da, leku...
- Albina Stardust: “Trabestismoa aldarrikapen politikoarekin d...
- Mikel Reparaz: “Ez dut uste hemengo jendea gerrara joateko p...
Kontu Berrien Leihoa III
-
JOKIN ALTUNA pilotariak (Amezketa, 1996) ez du aurkezpen handirik behar: aurrelaria da, 11 urte daramatza profesionaletan eta, San Fermin torneoetakoak zenbatuta, 13 txapel irabazi ditu. Azkena, aurtengo buruz burukoa1, Iñaki Artolaren aurka. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Irabaztera ohitzea arriskutsua izan daiteke...
Dezente irabaztea tokatu zait, baina atzera begiratuta ez dut ikusten nire ibilbidean irabazi bakarrik egin dudanik. Era guztietako txapelketak eta partiduak eduki ditut, gustura nago irabazitakoengatik, baina beti saiatu izan naiz ikasten, baita galdutakoetatik ere. Asko irabazten baduzu, eta zeure buruari beti irabaztea exijitzen hasten bazara, helburu guztiak hor jartzen badituzu, frustrazioak eta pena handiak etor daitezke askotan.“Iruditzen zait gauza batzuez arinkeria handiegiz hitz egiten dugula”
“Batzuetan, goizegi debutatuta, ilusio asko zapuzten dira”
“Beti dago zer hobetu, edozein lanetan bezala. Gose hori ez dut galdu”
“Kirolari batek galtzen duenean, hura lasai ikusteak izorratzen nau gehien”
“Ez ditut pilotari buruzko iritzi artikuluak leitzen”
“Helburu guztiak irabazteari begirakoak badira, frustrazioak eta pena handiak etor daitezke”
Finalean 22ra iritsi, txapela jantzi, herrian ospatu eta oheratu bitartean, arratsalde horretako zein une hautatuko zenuke?
Dutxakoa. Finalaren aurretik, askotan pentsatzen dut zer emango ote nukeen horra iristeagatik edo txapela janzteagatik. Bada, txapeldun geratu, eta dena oso azkar gertatzen da: sari banaketa, elkarrizketa ETBn, jende piloa inguruan... Gero, herrira heldu eta plaza beteta, jende piloa afarian... Lasai egoteko, bakarrik, une bat ere ez. Eskatu izan diot lagunen bati aldagelan9 bakarrik egoten uzteko, dutxako momentuan, behintzat, pultsazioak pixka bat moteltzeko. Orduan baloratzen duzu zer egin duzun. Bestalde, emozio ugariko eguna izaten da, polita da herrian nolako ilusioa dagoen ikustea, zenbat jende etortzen den afaltzeko garaian... Egun eder horiek familiarekin eta lagunekin bizitzea pribilegio ikaragarria da, baina kontziente izan behar da ez direla beti izango.
Frontoietako aldageletan hitz egiten da euskaraz?
Bai, noski, pilotan aditzen da euskara. Gaztelania ere bai, errioxarrak edo euskaraz ez dakien norbait tokatzen denean, baina gu beti saiatzen gara euskaraz egiten. Horrela jarraitu nahi genuke, hori ez da galdu behar.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Jendea euskara ikastera eta ikasten segitzera animatuko nuke, bai hemen jaiotakoak bai kanpotik etorriak, euskara delako euskaldunok benetan ezberdintzen gaituena. Ezagutu izan dut kanpotik etorri den eta urte gutxian ikasi duen jendea, niretzat oso garrantzitsua da hori. Leku bakoitzak bere hizkuntza dauka, eta oso gauza polita da euskara entzutea, niri ilusioa egiten dit. Beraz, animo denei euskara ikasten jarraitzeko! Ea denon artean lortzen dugun euskara gehiago hitz egitea eta erabilerak beherantz ez egitea.KOLKOTIK
Txikitan gustuko zenuen pilotaria? Martínez de Irujo.
Pilotaria ez bazina, zer? Gustura ariko nintzateke kirol irakasle umeekin.
Zer dauka ona pilotak? Laguntasuna, lagunartea.
Eta txarra? Oso indibiduala dela.
Non dauzkazu irabazitako txapelak? Etxeko horma batean, markoetan sartuta.
Horietatik, zein maite duzu gehien? Igual, lehenengoa. Eta azkena: lagun bat hil zitzaigun finala baino egun batzuk lehenago.
Gogoan duzu debut profesionaleko partida? Bai, Abel Barriolarekin, Titin eta Tolosaren aurka. 22-20 irabazi genuen.
Partxisean ere galdu nahi ez duten horietakoa zara? Ez, hori esatea modan egon arren.
Zer moduz moldatzen zara sukaldean? Nahiko ondo, ikasi dugu, kar-kar!
Zer ateratzen zaizu primeran? Arroz saldatsua barazkiekin eta kokotea labean patatekin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Arnasketak; eta oso gustuko dut irakurtzea, deskonektatzeko.
Zein sare sozialetan zabiltza erosoen? WhatsApp bakarrik daukat, eta behar baino gehiago erabiltzen dugula uste dut.
Zerk galarazten dizu loa? Lokartu aurretik sakelakoan ibiltzeak.
Zerk ematen dizu lotsa? Lagunekin edo familiarekin nabilenean behatua13 sentitzeak.
Zerk beldurtzen zaitu? Lesioekin zortea izan dut, eta horrela jarraitu nahiko nuke.
Pilota utzi eta gero... Ez dakit, baina jakin-mina sentitzen dut, nondik jo motibatuko nauen zerbait aurkitzeko.
Bizitzako plazer txiki bat? Igandeetan, partidaren ondoren, hiruzpalau lagunekin afaldu eta trago bat hartzea.
Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen berria? Bakea; oraintxe bertan hainbat lurraldetan dauden gerrak ikaragarrizko injustizia dira.
Labur, nolakoa da Jokin Altuna? Gertukoa eta alaia.1. Buruz buruko: bi aurkariren arteko partida.
2. Hautsi: puskatu, apurtu.
3. Jauzi: salto.
4. Zapuztu: truncar (es), briser (fr).
5. Antzeman: nabaritu, sumatu.
6. Leitu: irakurri.
7. Arinkeria: ligereza (es), légèreté (fr).
8. Jakin: zehatz, konkretu.
9. Aldagela: arropa aldatzeko gela.
10. Garaipen: victoria (es), victoire (fr).
11. Loreak bota: hitz politak esan, goraipatu.
12. Izorratu: molestatu.
13. Behatu: observar (es), observer (fr). -
IBON GAZTAÑAZPI ZALDUA (Orio, 1977) ETB1en dabil esatari, estropaden zuzeneko emanaldietan. Bera 22 denboraldiz aritu zen arraunean. Martxoan, dokumental onenaren saria jaso zuen Noidako Nazioarteko Zinema Jaialdian (India), Errio lanagatik. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Nola heldu zen Errio haraino?
Orioko Udalaren ekimenez sortu zen, errioaren1 balioa nolabait biziberritzeko. Herri osoaren kontaketa errioaren inguruan ardaztea zen asmoa. Itsas ondareari begira hasi ginen, ikaragarrizko altxorrak daudelako. Egin gabe zegoen lanketa hori ikus-entzunezko batean bildu nahi zuten. Bi urteko prozesua izan zen, ezin aberasgarriagoa, gauza piloa ikasi bainuen bizi garen herriari buruz; batez ere, gure ezjakintasuna zenbaterainokoa den. Orion aurkeztu genuen iazko udazkenean, oso harrera ona izan zuen, eta jaialdietara ere bidali genuen. Noidatik deitu ziguten: aurrena2, jaialdirako aukeratu zutelako; gero, saria eman zigutela esateko. Imajinatu nolako poza, emozioa eta ezustekoa!“Errio egiten gauza piloa ikasi nuen bizi garen herriaz”
“Herri baten arima arnasteko, ezinbestekoa da bertako hizkuntza jakitea”
“Arrauna logika belikotik bizi du jendeak”
“Aurten, ligarako batez ere, hautagai nagusia orio dela uste dut”
“Orio ez da, oraindik behintzat, iazko urdaibai bihurtuko”
“Gero eta gazte gutxiago datoz arraunera, arazoa serioa da”
Arrauneko Liga hastear da. Zein traineru ibiliko dira aurten ohorezko txandetan?
Gizonezkoetan, Orio, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibai. Emakumezkoetan, Arraun Lagunak eta Tolosaldea, eta hor marra bat jarriko nuke. Ondoren, Orio. Eta gero zalantzak ditut: Donostiarra, Zumaia, Astillero... Ez naiz ausartzen laugarren zein ibil daitekeen esaten, oso pareko ikusten ditut.
Oriok Iker Zabala entrenatzailea eta Gorka Aranberri patroia fitxatu ditu, Urdaibain dena irabazi dutenak. Beraz, aurten faborito? Gipuzkoako eta Espainiako txapelketak ere irabazi ditu dagoeneko...
Ligarako, batik bat, hautagai10 nagusia Orio dela uste dut, bai; Kontxa beste kontu bat da. Orioren asmoa izan da proiektu irabazlea eratzea, bere ustez onenak direnak ekartzeko apustua egin du, bereziki patroi onena. Eta nik hiru indargune11 ikusten dizkiot: ekarri duen jendea, urteetan harrobiarekin egin duen lan ona eta material ona daukala, kalitatezkoa eta asko. Baina ez zait iruditzen, oraindik behintzat, pasa den urteko Urdaibai bihurtuko denik, 18 arraunlariko taldea uztarri berera ekartzeko12 denbora behar delako.KOLKOTIK
Zer eman dizu arraunak? Munduan egoteko modu bat.
Eta kendu? Zenbaitetan, lo ordu asko.
Zer da itsasoa zuretzat? Itsasoa garela uste dut.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Palestinar Estatua eraiki dela eta Israelek egindako guztiagatik ordaindu beharko duela.
Playlist batean falta ezin den euskal kanta? Itoizen Ezekielen Prophezia.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Errealeko futbolaria.
Bizio bat? Ondo zerbitzatutako kaña bat.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Euskara jasaten ari denak, kanpotik eta barrutik. Daukagun axolagabekeriak22.
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu... Nire ametsetako bat, eta uste dut lortuko dudala, sakelakorik gabe bizitzea da.
Noiz deskargatuko duzu WhatsApp? Burua galtzen ez badut, sekula ez. Jarrera kontua da.
Nolakoak dira zure ametsetako oporrak? Belaontzi batean, parrilla ez dadila falta, eta urpean igerian.
Kirolarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat? Musika eta irakurtzea, historia batez ere.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean? Marmelada! Falta bada, urduri jartzen naiz.
Zer plater ateratzen zaizu oso ondo? Arraina parrillan.
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean? Korrika egin ondoren, bainua hartu.
Igande arratsalderako plana? Normalean, lan egiten dut, eta oso gustura egoten gara kirol erredakzioan.
Bizitzako plazer txiki bat? Gosaldu ondoren ohean sartzea, egunkaria irakurtzera.
Nor da zuretzat heroia? Kalean bizi dena, ez ilusiorik ez beste ezer ez daukana.
Labur, nolakoa da Ibon Gaztañazpi? 48 urteren ondoren, arrastorik ere ez daukat!1. Errio: ría (es), ria (fr).
2. Aurrena: lehenengo, lehenik eta behin.
3. Lekutan egon: oso-oso urrun egon, aspaldiko garai batean.
4. Aldendu: evadir(se) (es), s'échapper (fr).
5. Halabeharrez: inevitablemente (es), inévitablement (fr).
6. Hezur-haragizko: de carne y hueso (es), en chair et en os (fr).
7. Artean: todavía (es), encore (fr).
8. Itomen: larritasun, estutasun, angustia.
9. Irabaztear egon: irabazi aurreko unean egon, irabazteko zorian egon.
10. Hautagai: candidato, -a (es), candidat (fr).
11. Indargune: punto fuerte (es), point fort (fr).
12. Uztarri berera ekarri: ondo koordinatu, jarduteko modua bateratu.13. Lubaki: trinchera (es), tranchée (fr).
14. Erantzi: kendu.
15. Osasungaitz: malsano, -a (es), malsain, -aine (fr).
16. Erro: raíz (es), racine (fr).
17. Atxikimendu: adhesión (es), adhésion (fr).
18. Heziera: educación (es), éducation (fr).
19. Albo kalte: daño colateral (es), dommages collatéral (fr).
20. Kateatu: enganchar(se) (es), accrocher (fr).
21. Ertain: medio, -a (es), moyen, -enne (fr).
22. Axolagabekeria: despreocupación (es), insouciance (fr). -
OIHANA AZKORBEBEITIA (Abadiño, 1981) mendi lasterkariak sekulako palmaresa osatu du ia 20 urteko ibilbidean, bertoko zein nazioarteko probetan. Euskal Herriko Txapelketa (68 km) irabazi berri du Zubirin. Horren ostean eta Zegama-Aizkorri maratoiaren aurretik egin genuen elkarrizketa. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
2006an hasi zinen mendi lasterketetan, oso kirol berria zenean. Asko aldatu da?
Lehen lasterketa Izarraitzen (Azpeitia) egin nuen, 21 kilometrokoa. 40 bat lagun izango ginen, horien artean hiru neska, eta helburua amaitzea zen. Gaur egungoa lehia da: elikadura, pultsometroak, entrenamenduak... Eboluzio hori, nire ustez, txarra izan da, mendiko balioak galtzen ari direlako. Ni asko joaten naiz mendira, baina geldituz, arnasa hartuz, soinuak entzunez, txoriak, ganadua... Mendira entrenatzera doanak, kaskoekin eta denborari erreparatuz, galdu egiten du hori, ez daki non dagoen ere, berdin dio atletismoko pista batean egon. Ni mendizalea naiz, baina orain lasterketak lehiakortasun hutserantz doaz eta mendia bera ez da baloratzen.“Oraingo gazteak 40 urte betetzerako nekatuko dira kirol honetan”
“Mendira entrenatzera doanak ez daki non dagoen ere”
“Ondo ibili nahi dut, ez helmugara erdi hilda heldu”
“Beti eman diot ezezko biribila espainiako selekzioan parte hartzeari”
“Emakumeak lasterketetara bakarrik joatea lortu behar dugu”
“Euskaraldiaren kontzientzia urte osora zabaltzeko erabili behar da”
Lasterketetan horrenbeste jende pilatzea ez da mendiaren kalterako?
Mendiak lehiatzeko leku bihurtzen ari dira. Egin daitezke lasterketak, bai, baina non gabiltzan kontziente izanda. 2009an egin nuen nire lehen Zegama-Aizkorri eta jendea zegoen, baina iaz ikustera joan, eta Aizkorri gaineko jende pilaketa ez zitzaidan gustatu. Horregatik izango da aurtengoa nire azken Zegama-Aizkorri. Mailagatik ere bai, baina larregi hazi dela iruditzen zaidalako, batez ere. Lekuz kanpo sentitzen naiz.
Badago Etiketa Berdea izeneko ekimena, ezta?
Ekimena baino, dekalogoa da. Lasterketa batek hartzen duen konpromisoa mendia eta ingurunea zaintzeko, parte hartzaile kopurua murrizteko eta ikusleei mendira ez igotzeko eskatzeko. Gera daitezela herrian lasterketa ikusten, mendiak eta animaliek sufritu egiten baitute. Helburua kontzientzia garatzea izanik, horrelakoak ondo daude, 60 lasterketak baino gehiagok egin dute Etiketa Berdearen aldeko hautua. Konpromiso hutsa da, etiketa ez da erosten, ez dago dirurik tartean. Tristea ere bada halakoak egin behar izatea jendea konturatzeko zelako kaltea egiten ari garen eta norantz doan kirol hau.KOLKOTIK
Zer ematen dizu mendiak?
Askatasuna.
Eta kendu?
Ezer ere ez.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Palestinakoa konpondu dela.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Albaitaria.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Injustiziak eta hipokrisiak.
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu...
Bai ondo!
Noiz arte mendian gora eta behera?
Gorputzak iraun arte.
Amesgaizto bat?
Geure umeei zer edo zer gertatzea.
Mendiarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat?
Artzain txakurren mundua.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean?
Ogia.
Zer plater ateratzen zaizu ondo?
Umeak pozik egoten dira babak prestatzen ditudanean, kar-kar!
Zure mendi kutuna?
Untzillaitz, Astxiki, Alluitz, Anboto...
Lasterketarik gustukoena?
Gaur egun, Mañaritik Atxetara. Iaz egin zen lehenengoz.
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean?
Txakurrak hartu eta mendira.
Larunbat gauerako planik onena?
Trago bat hartu eta lasai egon etxean, domekak mendira joateko direlako.
Eta igande arratsalderako?
Siesta ederra!
Bizitzako plazer txiki bat?
Norberarentzako denbora hartzea.
Nor da zuretzat heroia?
Ez daukat heroirik.
Labur, nolakoa da Oihana Azkorbebetia?
Ni neu, Alluitzen eta Ametsen ama, albaitaria, abertzalea eta askatasunzalea. -
ALBINA STARDUST drag artista eta aktibista trabesti burlatarra da. Izar diskoa sortu du, ETB1eko Biba Zuek! saioan kolaboratzen du, Flop Kultura saioa dauka Euskalerria irratian, Albinaren erreferenteak argitaratzen du Pikara Magazine aldizkarian... M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Zerk du lehentasuna: arteak ala aktibismoak?
Elkarrekin doaz ia beti, biak dira beharrezkoak. Batzuetan, nahi dudan bezala janztea gustatuko litzaidake, Lady Gaga sentitzea... Gustura egon eta kito! Halere, trabestismoa beti doa aldarrikapen politikoarekin, arte iraultzailea da. Gauza askoren alde eta gauza askoren kontra borrokatzen naiz. Generoa asmatutako zerbait da, ez da biologikoa. Hortaz, trabestiok genero adierazpen molde berriak erakusten dizkiogu munduari, generoa ez delako bitarra, ez da bakarrik femeninoa ala maskulinoa. Draga generoaren performancea da, bitartasunetik atera eta jolastea. Azkenean, edonor izan daiteke nahi duen bezalakoa. Hausnarketa ere eragin nahi dugu: zergatik janzten gara janzten garen moduan? Nork sortu ditu arau hauek? Emakumea banaiz, arropa hauek jantzi behar ditut, ez beste horiek; edo alderantziz. Genero rolak desagertu egin behar dira mundu guztia pixka bat gehiago askatzeko.“Draga generoaren performancea da, bitartasunetik atera eta jolastea”
“Gizonek ikasteko, desikasteko eta eboluzionatzeko ardura hartu behar dute”
“Euskal Herrian askoz seguruago sentitzen naiz beste leku batzuetan baino”
“Kolore arrosa politikoa delako erabiltzen dut”
“Hemen artista gisa baloratzen gaituzte, beste artista batzuen lekuan gaude”
“Hedabideek eta jendeak nire lana euskaraz egiteko eskatzen zidaten”
Arazo handiak daude oraindik aniztasuna onartzeko?
Bai, uste baino askoz gehiago. Euskal Herria, mundu osoko beste leku asko bezala, oso bitarra da oraindik, oso markatuta dugu emakume-gizon bitartasuna, arropan, estetikan, komunetan, kalean, urdina eta arrosa haurtxoengan... Aldaketa batzuk egon dira, baina gizonkeria handia dago. Mugimendu feministari esker, emakume asko ari dira askatzen pixkanaka, janzteko, depilatzeko edo hitz egiteko orduan. Gizonekin, ordea, aldaketa hori oso-oso mantso doa, oraindik ere sekulako lana dago egiteko. Beharbada, ikasi dute zer den feminismoa, edo badakite zer den gay pertsona, baina besterik ez. Beharrezkoa da, ordea, norberaren buruarekiko lanketa ere. Badago oraindik lana, guztiontzat, baina bereziki gizonentzat; haiek ere badute erantzukizuna, ezin diegu dena eginda eman. Ardura hartu behar dute, ikasteko, desikasteko eta eboluzionatzeko.
Sentitzen duzu beldurrik kalean?
Ia egunero. Guztiok sentitu izan dugu beldurra edo segurtasunik eza, pertsona edo portaera zehatz batzuk ikustean. Dragean nagoenean, mundu guztiak begiratzen dit, denek dute nolabaiteko erreakzioa; orokorrean positiboa izaten da, baina denetik dago. Dragaz kanpo ere, disidenteok beti egon behar dugu begirada horien azpian, beti egongo dira gu epaitzen, edo guri barre egiten. Halere, Euskal Herrian askoz seguruago sentitzen naiz beste leku batzuetan baino. Nire familia ere oso garrantzitsua izan da, ez odolekoa, baizik eta ahizpak, lagunak, trabestiak... Komunitatea sortzea ezinbestekoa izan da.
Dramatismorik gabe hitz egiten duzu errealitateaz.
Beti izan dut borroka hori neure baitan. Beharrezkoa da gure haurtzaroari agerikotasuna ematea, sufritu eta bizi izan dugunari: bullyinga, oso egoera latzak... baina komunikabideek morboa bilatzen dute sarritan. Soilik hori erakusten badugu, zer pentsatu eta sentituko du hori ikusten duen haur disidenteak? Zoriontsuak garela ere erakutsi behar dugu, bizitza eta lanbidea ditugula eta ez garela penitentzian eta sufrimenduan bizi. Badugu familia, bizimodua... geuk ere lortzen dugu hori. Beharrezkoa da lodifobia, matxismoa, arrazakeria, ikastetxeetako erasoak... salatzea, baina baita alderdi positiboa erakustea ere, ez utopikoa eta zoragarria, errealista baizik: gaizki pasatzen dugu, baina dena ez da bitarra, dena ez da zuria ala beltza.
Zergatik kolore arrosa?
Honetan hasi nintzenean, ez nuen hainbeste erabiltzen, dragaz kanpo ere ez. Arrosa kolore politikoa da, mundu guztiari eragin dio modu batean edo bestean. Emakumeek, gizonek, ez bitarrok... denok izan dugu nolabaiteko prozesua arrosarekin: gustukoa izan edo gorrotatu, erabiltzeko derrigortasuna, debekatuta erabiltzea... Ahaldundu naizen heinean, gero eta gehiago ahaldundu naiz arrosarekin ere, eta politikoa delako erabiltzen dut.
Euskal drag komunitateak sendoa dirudi. Hemen estimatuagoa da ikuskizun mota hori?
Askoz errazago ulertzen da hemen zer eta zergatik egiten dugun. Ez naiz historialaria eta ez dakit ezer horri buruz, baina euskaldunok zapalduak izan gara, oro har, hor dago Estatu zapaltzailea. Horrek eramaten gaitu, agian, enpatiara, zapaldutako edozein ulertzeko prestatuago egotera. Bestalde, hemengo aktibismoa zoragarria da. Mugimendu feminista oso aktiboa eta borrokalaria da, miresgarria, egunero ikusten ditugu kalean pankartak edo pintadak. Biltzera bultzatzen gaitu, beste borroka batzuk ulertzera. Mugimendu feministarekin lan asko egiten dugu, baita arrazakeriaren aurkakoarekin ere. Badakigu guztiok borroka berean gaudela, eta hori ez da gertatzen beste leku batzuetan.
Zer moduz lan baldintzak drag ikuskizunetan?
Beste toki batzuekin alderatuta, oso ongi. Hemen artista gisa baloratzen gaituzte, beste artista batzuen lekuan gaude, oholtza handietan. Baita txikietan ere: txosnetan, gaztetxeetan... ia-ia beste edozein musika talde egon daitekeen oholtzan. Duin kobratzen dugu, eta hori eskertzekoa da: beste leku batzuetan, 50 € eta lau kopa jasotzen dituzte gau osoan diskotekan lan egiteagatik. Hemen, Yogurinha Borova, adibidez, gure lanari ikusgarritasuna emateko borrokatu da, draga artea dela uler dadin.
Zer esango zenioke dragean hasi nahi duen gazte bati?
Patxadaz hartzeko eta disfrutatzeko, draga geure burua ezagutzeko modu bat delako, esperimentazioa. Hau ez da mozorroa, baina txikitan mozorrotzen ginenean, esperimentatu egiten genuen, jolastu, geure burua beste era batean ikusi. Askorentzat askatzailea izan da printzesa soinekoa janztea, edo suhiltzailearena. Draga geure buruaz jabetzea eta gozatzea da. Esango nioke, halaber, espazio seguruak bilatzeko, oraindik guztiak ez direlako seguruak. Norberaren etxea ere baliteke segurua ez izatea, baina badaude elkarteak, edo beste trabestiak, eskuragarri sare sozialetan. Komunitatea gara.
Zergatik erabaki zenuen euskaraz lan egitea?
Hasieran, ez nuen aukerarik ikusten. Yogurinha, esaterako, hor geneukan euskaraz, baina gehiena, showak eta, gaztelaniaz zen. Gero konturatu nintzen hedabideek eta jendeak nire lana euskaraz egiteko eskatzen zidatela. Orduan ohartu nintzen zein garrantzitsua zen draga euskaraz egitea, hurbiltzeko, hemengoa eta herrikoia izan dadin. Horregatik erabaki nuen euskaraz egitea, jendeak eskertzen duelako euskaraz egindakoa. Beste publiko batengana iristen laguntzen digu.
Euskal dragak badu ezaugarri propioren bat, euskaraz egiteaz gain?
AEBetan, Espainiako Estatuan... gehien balioesten den draga oso femeninoa eta normatiboa da, edertasun hegemonikoa bilatzen du. Euskal Herriko erreferenteek (Yogurinha, Las Fellini...) ez zuten hori bilatzen, umorea eta aldarrikapena baizik. Hemen gehiago baloratzen da hori itxura, gauza garestiak eta markak baino, eta gauza zoragarria da.
Laster hasiko da Euskaraldia, hamaikakoan zaude. Zer egingo duzu?
Egun horietako nire esperientzia sareetan partekatzen saiatuko naiz, erronka nolakoa izaten ari den kontatzen, erronka baita niretzat. Ahobizi izango naiz eta den-dena euskaraz hasten saiatuko naiz, eta jasotzen dudan erantzuna kontatuko dut. Aisialdian erabili behar dut euskara gehiago, lanean asko egiten baitut. Falta zait lagun artean, tabernetan, dendetan... gehiago egitea.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskal Herrian bizi garelako eta gure hizkuntza delako. Gehiago hitz egin beharko genuke euskaraz. Hain da polita hemengo hizkuntza ikastea, hemengo jendearekin euskaraz hitz egitea eta hemengoak garela ulertzea... Badakit zaila izan daitekeela, lan handia dela... baina bizitza honetan dena ez da erraza. Begira nola ateratzen naizen ni kalera, eta ez da erraza izan.Maiatzaren 17an, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Eguna. Balio dute zerbaitetarako egun horiek?
Halakoetan, jende askok egiten digu kasu, beraz, beharrezkoak dira. Azken hiru urteotan, Ordiziako Transloratzen Jardunaldietan hartu dut parte, eta bertan LGBT diagnostiko bat aurkezten da beti. Ezinbestekoa da horrelakoak egitea eta jendeak gure errealitatea ezagutzea, oraindik ere gaur egun ez dagoela arazorik aditzen baitugu. Ez da horrela, oraindik ere kezkagarria da egoera: salaketak jartzen dira, baina zenbat? Zein da poliziaren jarrera? Hori egunero erakutsi behar dugu.
Lehen diskoa kaleratu duzu: Izar.
Nire showetan abesteko kantuak dira, espero dut jendeak gozatzea. Trabesti gisa egin dut, mamarratxeotik abiatuta; badakit ez naizela abeslaria eta ez dudala ahots zoragarririk. Mezua transmititzeko modua ere bada, baina ez dut espero jendea nire musikarekin txoratzea, ez da horretarako. Jendeari gustatu zaio eta ni pozik. Jarraituko dut musika egiten, baina patxadaz, beste erregistroren bat jorratuz: agian ilunagoa, elektronikoagoa, mezu sinpleagoekin...KOLKOTIK
Gogokoen duzun sare soziala?
TikTok.
Erabili dituzun takoi altuenak?
21 zentimetrokoak.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Albina Stardust, Sanferminetako pregoilari.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Lasaiago, kar-kar!
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu...
Etxera itzuliko naiz, ezin naiz gabe atera.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Gizonek.
Zerk kentzen dizu loa?
Etorkizunak.
Zerk ematen dizu lotsa?
Gero eta gauza gutxiagok. Lotsa kendu behar dugu, erridikulua egin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra daukazunean?
Nire mutilarekin egon, Danelekin.
Larunbat gauerako planik onena?
Etxean, afaria eta pelikula bat.
Eta igande arratsalderako?
Etxean, Switchean jolastea.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean?
Humusa.
Zer plater ateratzen zaizu oso ondo?
Ez naiz batere sukaldari ona.
Bizitzako plazer txiki bat?
Hozkailutik ateratako ur hotza edatea.
Nor da zuretzat heroia?
Nire ama.
Taberna batean sartu eta zure musika badago jarrita?
Lotsa ematen dit, horrek bai! Kar-kar!
Noren kontzertua ez zenuke galduko?
Kai Nakairena.
Agertokira irten aurreko maniaren bat?
Perfumatzea.
Labur, nolakoa da Albina Stardust?
Superizarra! -
MIKEL REPARAZ EXTRAMIANA (Arbizu, 1975) kazetaria EITBko albistegietako nazioarteko arduraduna da. AEBetako berriemaile izan zen 2013tik 2018ra. Esperientzia haren fruitua da Las grietas de América (Gaztelaniazko Saiakera Onenaren Euskadi Saria). M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
Orain euskaraz kaleratua, zer kontatzen du Amerikaren arrakalak liburuak?
AEBetako zatiketa eta gatazka, nola irabazi dituen eskuin muturrak erakunde guztiak. Eta, batez ere, nondik datorren hori eta nola eragiten dion munduari. Izan ere, AEBen sorrera supremazia zuriaren botereak definitu zuen, esklabotzaren jatorrizko bekatutik datorren egiturari eutsi zaio gaur arte. Egiturazko arrazakeriak hor dirau, Araknido Handiaren metafora erabili dut hori azaltzeko. Munduko lehen demokrazia modernoaren habeen eta zutabeen artean armiarma sare handia ehundu du supremazia zuriak. Eta erresistentziak sare hori desegin duen bakoitzean, supremazia zuriaren botereak, Araknido Handi horrek, berriz eraiki du sarea. Horixe ikusten ari gara orain Trumpen AEBetan.“AEBen sorrera supremazia zuriaren botereak definitu zuen, eta botere horrek hor dirau”
“Euskal Herrian, Moskutik hain urrun, agian ez dugu mehatxua berdin ikusten”
“Baltikoko estatuetan, komunitate errusiarrak oso baztertuta eta pobretuta daude”
“Europa barruan gaur egun dagoen etsairik handiena eskuin muturreko alderdiak dira”
“Desinformazioak gazteengan duen eraginak beldurtu egiten nau”
“Beren burua kazetari gisa aurkezten duten askok lotsa ematen didate”
Araknido Handia gutxiengo baztertuek eskubideak lortzen dituztenean berpizten bada, otzan bizi behar dugu piztia ez asaldatzeko?
Ez, AEBen historia erresistentziarena ere bada. Hasieratik egon da supremazia zuriaren aurkako erresistentzia: jatorrizko herri indigenak, komunitate afroamerikarraren borroka, Gerra Zibil handia... Baina horrelakoak gertatu direnean, beti gailendu izan da supremazia zuria, etengabe: Gerra Zibilaren osteko Jim Crow lege segregazionistak; 60ko hamarkadan zenbait eskubide zibil lortu ondorengo lege arrazistak Nixonekin; lehen presidente beltza eta gero presidente zuriena... Egin dira aurrerapausoak, handik etorri zaizkigu konkista sozial asko (LGTBI mugimendua, feminismoaren parte baten iraultza 70eko hamarkadan...), baina Araknido Handiaren botereak hor jarraitzen du.Nola akabatu armiarma hori?
Hori da arazoa, AEBen oinarrian dagoelako. Europan, AEBetako gauza asko ez ditugu ulertzen, armen kultura, adibidez, baina esentzia hor dago, oso herrialde berezia da. Euskal Herrian, AEBen kontrakoak gara, oro har, nahiko kritikoak inperialismoarekin, nahiz eta AEBek eragin on asko ere izan dituzten, batik bat XX. mendeko garapenean. Handik heldu zaizkigun kultur erreferente batzuk ere onak dira; halere, oinarria hor dago, eta zaila da horri aurre egitea, jende asko saiatu arren.
III. Mundu Gerraren atarian gaude?
Ez dakit, baina mundua asko ilundu da. Esanen nuke aurrez aurre ditugula munduko potentzia nagusia izan denaren gainbehera eta horren ondorioak. 2001eko irailaren 11n hasitako aroan gaude, eta Errusiaren eta Trumpen arteko hurbilketak kezka handiak pizten ditu orain. Europarrok, bereziki, kezkatuta egoteko arrazoiak ditugu.
Norengandik defendatu behar dugu?
Europako liderrak Errusiari begira daude, Ukrainako inbasioa bezalakoa Baltikoko estatuetan edo Europako Batasuneko ekialdean ere gerta daitekeelakoan. Mugako buruzagiek oso argi dute hori. Finlandiak, esaterako, tradizionalki neutraltasuna mantendu arren, NATOn sartzea erabaki du. Euskal Herrian, Moskutik hain urrun egonda, agian ez dugu mehatxu hori haien moduan ikusten. Ez da asko Estonian egon naizela erreportajeak egiten, hango herritarrekin eta bertako komunitate errusiarrekin hitz egin nuen, eta benetako gatazka dute: komunitate errusiarrak oso baztertuta eta pobretuta daude, eta haien hizkuntza, errusiera, ez dago legeztatua. Gerra oso hurbil ikusten dute, defentsa zibila antolatu dute armak erabiltzen ikasten ari diren herritar boluntarioekin. Hori errealitatea da Europan eta, Batasunak teorian ez duenez mugarik, guretzat ere gertukoa da.
Jendea prest egongo litzateke Europako armadarekin gerrara joateko?
Ez dut uste, espero hori inoiz ez iristea, baina Europako Batasunean hartzen ari diren hainbat erabakik horretara garamatzate. Derrigorrezko soldadutza berriz ezarri nahi dute agintari askok, aurrekontu militarra puztu... Gauza bat da segurtasuna eta defentsa garatzea, eta Europak politika horiek bateratzea, eta beste bat horrelako eskalada militarrean sartu eta herritarrak inork nahi ez duen egoerara behartzea.
Baina Europako Batasunak militarizaziorantz jo du.
Paradigma aldaketa dugu aurrean: Europa, II. Mundu Gerraz geroztik, AEBen satelite kultural, ekonomiko eta militarra izan da. AEBek aterkia eskaini diote Europari eta orain hori amaitu egin dela dioen presidentea dator, Europaren defentsa ez delako errentagarria haientzat, defizitarioa baizik. Trumpek erabaki du Errusiarekin konpontzea Ukrainako gatazka eta, hortik aurrera, Europa isolatzea. Horregatik indartu nahi du Europak defentsa, baina debate handia dago Europa osoan. Nik beti eduki izan dut ikuspegi antimilitarista, derrigorrezko soldadutzaren aurkakoa bere garaian, arma industriaren kontrakoa eta abar, baina historiako haizeak beste alde batetik datoz orain eta ikusi beharko nora daramaten Europa. Kontraesan ugari dago, eta neuk ere kontraesan handiak ditut.
Zertan eragin dezake egoera honek Euskal Herrian?
Bistakoena, ekonomian eta merkataritzan, muga zergak direla eta. Dena den, AEBetatik datorren eragin handiena da ultraeskuinaren diskurtsoa normalizatzea (immigrazioaren, feminismoaren eta aniztasunaren aurkakoa). Hemen ere badugu eragin hori jasotzeko arriskua, gero eta jende gehiagok hartzen ditu diskurtso horiek normaltzat. Egoera geopolitikoak ere eragin ahal digu, AEBetan gertatzen den guztia hona iristen baita azkenean. Beste gauza bat da zer egingo duen Europak etorkizunean: AEBekin izan duen aliantza historikoari eutsi ala beste norabait begiratu.
Badu etorkizunik Europako Batasunak?
Estatu bakoitzak bere interesak izan arren, baietz esanen nuke. Europako Batasunaren proiektuak bakean sinesten du eta mugak ezabatu nahi ditu bertako herritarrontzat, immigrazio politika berriekin hori ere mugatu arren. Europa barruan gaur egun dagoen etsairik handiena eskuin muturreko alderdiak dira. Gako nagusia ez da Errusia, Europako Batasunaren hainbat konkista eraitsi nahi dituen ultraeskuina baizik. AEBetan bezala buka dezakegu: hemen, oraingoz, ez dago hainbesterainoko arrakala sozialik, zorionez. Han, ezberdintasun sozioekonomikoak oso handiak dira, milioika eta milioika herritar dira oso-oso pobreak. Hemen, nahiz eta batez ere kanpotik etorritako populazioaren zati handi bat prekarietate egoera handian bizi, babes sozial handiagoa dago, nolabait. Horrekin amaitu nahi du, hain zuzen, handik datorren joerak.
Geure zilborrari begira, Gazako genozidioa ahaztu egin zaigu ia...
AEBek Israel eta Palestinarekiko duten politika ez da aldatu, Israelek erabateko babesa izaten jarraitzen du. Egia da, hala ere, Trumpek marra gorri asko gurutzatu dituela, Gazan milaka eta milaka hilotzen gainean eraiki nahi duen turismo gunea, adibidez. Hori guztiz mingarria da palestinarrentzat, baina ez du, nire ustez, atentzioa desbideratu behar, gertatzen ari dena Palestinaren erabateko okupazioa delako. Trumpek Gaza eta Zisjordania okupatzea babesten du, alegia, palestinarrek nahi duten estatua erabat ezabatzea. Prozesu horrek aurrera jarraitzen du eta Trumpek, bere horretan segitzen badu, lortuko du. Hori da kezka iturri handiena, proiektu ikusgarri horiek baino handiagoa.
Zenbaterainoko errua dute hedabideek Trumpen arrakastan?
Handia! Bere lehenbiziko agintaldian, CNNk eta beste kate batzuek nolabaiteko hausnarketa egin zuten. Trumpen gezurrak ez zabaltzea erabaki zuten, AEBetako presidentearen esanak izan arren, baina ordurako berandu zen. Bada, orain berdin daude, berriz ere. Kontakizunaren gatazkan, demokraten zein errepublikanoen aldeko hedabideek askotan ahaztu dute kazetaritza. Bi aldeetan gertatu da, nahiz eta askoz larriagoa izan Trumpen aldekoek esatea Joe Bidenen agintaldia ez zela zilegizkoa izan, hauteskundeak galdu zituelako. Maiz, informatzen ari zarenenean, oso kontziente zara horretaz, baina AEBetako presidenteak esandako zerbait da, titularra sarritan. Eztabaida hori (zenbateraino hauspotzen den Trump) asko entzuten da hango erredakzioetan.
Ez litzateke hobe hari kasu gutxiago egin eta azterketa pausatuagoak egitea?
Trumpek, Etxe Zurira iritsi denetik, erabaki asko hartu ditu, ehunka dekretu sinatu ditu, eta horietako askok eragin handia dute. Trump bere lehen agintaldian lortu ez zuena egiten saiatzen ari da, badakielako Kongresua, Epaitegi Gorena, enpresa eta hedabide handiak, eta sare sozialak aldeko dituela. Beraz, legegintza hauteskundeak egiteko geratzen diren bi urteetan, ahal duen guztia egingo du AEBak eta, ondorioz, mundua aldatzeko. Horretaz ere informatu beharra dago, baina hark oso ondo kontrolatzen du komunikazioa, eta enpresa teknologikoek botere handia dute. Elon Musk, Mark Zuckerberg eta Jeff Bezos bere alde ditu Trumpek, eta Musk Trump bera baino askoz beldurgarriagoa da.KOLKOTIK
Nori egingo zenioke gustura elkarrizketa?
Jende askori... Putini berari.
Zein berri eman nahiko zenuke beste inork baino lehen?
Palestina eta Israelen arteko gatazkaren amaiera.
Non ikusten duzu zeure burua lanean 10 urte barru?
Asiako korrespontsala izatea, adibidez,
interesgarria izango da etorkizunean.
Konexiorik gabe geratzen bazara, zer?
Antsietatea. Uste dut nire bizitza profesional osoan ez dudala inoiz telefonoa itzali.
Zer dauka ona kazetaritzak?
Etengabeko ikasketa dela.
Eta txarra?
Bizitza xurgatzen dizula, gauzak etengabe gertatzen dira munduan.
Zerk beldurtzen zaitu zure lanean?
Desinformazioak gazteengan duen eraginak.
Eta zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Ego handiek, eta badaude nire lanbide honetan.
Zerk kentzen dizu loa?
Oso ongi egiten dut lo, edozein tokitan, ez daukat inolako arazorik.
Zerk ematen dizu lotsa?
Beren burua kazetari gisa aurkezten duten askok.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Mendiak izugarrizko lasaitasuna ematen dit, baita musikak ere.
Igande arratsalderako planik onena?
Liburu on bat irakurtzea.
Zer janari ez da falta inoiz zure etxeko sukaldean?
Soja saltsa, sukaldaritza japoniarra asko gustatzen zait.
Zer plater ateratzen zaizu oso ondo?
Semeei asko gustatzen zaie egiten diedan ramen-a.
Bizitzako plazer txiki bat?
Barre benetan egitea.
Nor da zuretzat heroia?
Amal, Gazan familiarentzat egunero otordu bat prestatu behar duen ama palestinarra.
Zure bizitzako leloa?
Bidaia da helmuga.
Zergatik ikasi euskara?
Bada, gure herriak eskaintzen duen guztiaz disfrutatu ahal izateko!
Labur, nolakoa da Mikel Reparaz?
Herabe, baina muinean sorpresaz betetako kutxa.