Irakurriz eta mintzatuz praktikatzeko aukera gehiago
Azaroaren 17an abiatuko da Donostiako AEKko Irakurle Klubaren ikasturte honetako irakurraldia. Groseko AEK euskaltegian egingo dira solasaldiak. Lehena, Miren Amurizaren Pleibak nobelari buruz. Ondoren, liburu hauek landuko dituzte: Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe), abenduaren 15ean; Francesco Pasqualaren bosgarren arima (Unai Elorriaga), urtarrilaren 26an; Punto Bobo (Itsaso Martin), otsailaren 16an; Arrotza (Albert Camus), martxoaren 16an; Gizon barregarriak (Joxean Agirre), apirilaren 27an; eta Hetero (Uxue Alberdi), maiatzaren 18an. Bestalde, ikasturte honetan Mintzalagun egitasmo gehiago jarriko dira martxan: Oiartzunen, bigarren aldiz (2005-2006 ikasturtean eta besteren batean bikoteka elkartzeko proiektua egon zen); eta, estreinakoz1, Arbonan, Biarritzen eta Hazparnen, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzaz.
1. Estreinakoz: lehen aldiz, aurreneko aldiz.
