AEK-k hiru familia barnetegi antolatu ditu aurtengo udan, Foruan eta Adunan. Uztailean, AIZU!k bisita egin zuen Forura, barnetegia hasi eta astebetera, bertan zeuden familiekin, irakasleekin eta begiraleekin hitz egiteko. M. Egimendi.

Familia barnetegietara gurasoak euskara ikastera joaten dira, eta, bitartean, umeak ederto ibiltzen dira begiraleekin. Eskolak amaitutakoan elkartzen dira familiak, opor itxurako bizimodua euskaraz egiteko, hori baita barnetegi mota honen xedea.

Foruko familia barnetegira 10 guraso eta 14 ume bertaratu ziren, haien arteko harremanetan euskararen presentzia handitzeko asmoz: “Etxean hitz egiteko, eskolako lanetan seme-alabei laguntzeko...”. Lehen esperientzia izan zen guztientzat, eta oso balorazio ona egin zuten lehen asteaz. "Errepikatzeko modukoa” iruditu zitzaien, “haurrak ere oso ondo moldatzen ari direlako, hasierako beldurrak alde batera utzita”. Hauxe zioten umeek ere: “Oso ongi pasatzen ari gara, begiraleekin jolasak eta tailerrak eginez, Foruko parkean jolasean eta lotara joan aurretik ping-pongean, kartetan eta xakean arituz”. Hortaz, pozik agertu ziren guztiak ordura arte egindakoarekin. Guraso batzuek azpimarratu zuten pare bat ume, gutxienez, “ametsetan euskaraz hitz egiten” hasiak zirela; besteren bat baita “gurasoen akatsak zuzentzen” ere. Guztiak ari ziren hizkuntz ohiturak aldatzeko ahaleginak egiten, eta gurasoren batek aitortu zuen batzuetan nekea ere sentitzen dela egunaren amaieran.

Irakasleak ere, pozik Irakasleek ere balorazio ona egin zuten: “Familiako harremanak euskalduntzeko ahaleginean, aurrera egin dute; dena den, bakoitzaren egoeraren arabera, egin beharreko ahalegina ezberdina da”. Izan ere, Foruko familiek egoera ezberdinak bizi zituzten: batzuen helburu nagusia euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea zen, denek zekitelako euskaraz, hobeto edo okerrago; beste familia batzuetan, berriz, seme-alabek gehiago zekiten eta gurasoek laguntza eskatzen zieten. Eta, euskaraz jakin arren, gurasoekin egin nahi ez zuten umeak ere baziren.

AIZU! bisitan joan zenerako, egina zuten lehen txangoa: Santimamiñeko kobazulora eta Basondo fauna babeslekura. Gehiago prestatzen ere ari ziren hurrengo egunetarako: Gure Zirkua, Urdaibain itsasontziz ibiltzera... Pentsatu eta egin: ez zitzaien ahaztu argazkiak AIZU!ra bidaltzea. 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.