Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa, apirilaren 25ean

Atsotitzak, bertsoak, musika eta giro paregabea lotzen dituen lehiaketa honen 31. edizioa apirilaren 25ean ospatuko da aurten. Urtero lez1, edizio honek ere badu bere leloa: Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk. Bertsolari gonbidatuak, berriz, Aner Peritz eta Aissa Intxausti izango dira. Ikasi beharreko ehun errefrauak prest daude dagoeneko https://praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian, eta parte hartu nahi duten taldeek (bi eta lau lagun artekoak) apirilaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena, webgune horretan bertan.
Lehenago, ordea, apirilaren 17an, lehiaketaren inguruko beste ekitaldi bat egongo da: Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak liburuaren aurkezpena Kurtzio kultur etxean. Izan ere, AEKk argitaratuko du, Uribe Kostako Mankomunitatearen dirulaguntzaz, lehiaketaren antolatzaile-taldeko kide Aitor Fernandez de Martikorenak idatzitako liburua. Lehiaketaren zertzeladak2 ditu oinarri, hiru atal nagusitan banatuta: testua, argazkiak eta material didaktikoa. Lehenengoa kontakizuna da, irakurleak jakin dezan3 nolako lana egin duten antolatzaileek lehiaketa aurrera eramateko. Bigarrenean, kartelen, oroigarrien4, pegatinen, lehiakideen, bertsolarien... irudiak daude. Eta hirugarrenak lagungarri izan gura du euskara-irakasleentzat, atsotitzak eta/edo bertsoak lantzeko material egokia baita. Azken atal horretan, txapelketa hasi zenetik igarotako hiru hamarkadetan noizbait agertutako 206 atsotitz biltzen dira, azalpenez eta bertsoz horniturik⁵.
Liburuaren egileak hitzaurrean azaldu duenez, asmoa ez da izan Esaera Zaharren Txapelketaren “kronika zehatza” egitea: “Nahikoa lan izan dugu edizioak egiten eta lehiaketa aurrera eramaten; hortaz, gutxitan apuntatu izan ditugu emaitzak eta sariak”. AEKk, ordea, omenalditxoa egin nahi izan dio liburua argitaratuz, ekimenak urtero-urtero, eta euskararen izenean, jende-kopuru polita batzen duelako. Zelan ez, txapelketak 30 edizio bete izanak ere badu zerikusia horretan. Uribe Kostako Mankomunitateak, bestalde, diruz lagundu du argitalpena, lehiaketak herrian euskararen presentzia indartzeko egiten duen ekarpenarengatik.
1. Lez: bezala, moduan.
2. Zertzelada: pormenor (es), détail (fr).
3. Jakin dezan: jakiteko, ezagutzeko.
4. Oroigarri: recuerdo (es), souvenir (fr).
5. Hornitu: proveer(se) (es), se pourvoir (fr).
