bidean web

Joan Fierro
Bogota (Kolonbia), 1998

Artista da Fierro. 2021ean etorri zen Bilbora, master bat egitera. Urtebetez Santanderren (Espainia) bizi ostean, Bilbora itzuli, eta doktoretza egiten ari da EHUn. Ingelesez eta alemanez ere hitz egiten du, eta egun Bilbo Zaharra euskaltegian dabil B2 mailan. Eñaut Mitxelena.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hizkuntzak, oro har1, izugarri gustatzen zaizkit. Lehendik ez nekien ezer euskarari buruz, masterra egitea erabaki nuenean ezagutu nuen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta hona etorri baino lehen hasi nintzen pixka bat ikasten, A1 mailan, Bagoaz bildumarekin. Interesgarria da, polita eta, gainera, derrigorrezkoa hemen lan egiteko.
Nolako prozesua izan duzu?
Oso organikoa, baina nahiko nahasia. Alemana ikasteak nire buruaren egitura aldatu zuen, eta esperientzia horri esker euskara ikastea errazagoa zen. Hasieran, poesia irakurriz, erakusketak bisitatuz eta lagun batzuekin euskaraz hitz eginez, egunero zerbait entzuten nuen. Gero, Santutxuko Karmela gaztetxean hasi nintzen talde batean, astero ordubetez. Ondoren, Hizkuntza Eskolara joan nintzen, baina eskolara egunero joatea ez zait gustatzen, nahiago dut nire kabuz2 ibili. Azkenean, euskaltegian hasi nintzen. Taldea oso ona da, baita irakaslea ere. Haren metodologia eta nire ikasteko modua ongi uztartzen3 dira.
Zer izan da zailena zuretzat?
Gaur egun, euskaltegitik kanpo hitz egitea. Adibidez, lagun batzuek euskaraz hitz egiten dute, baina euren bigarren hizkuntza da eta harremana gaztelaniaz egin dugu jada. Beraz, zaila da.
Eta errazena?
Teknologiak oso erabilgarriak dira euskara praktikatzeko: Internet, telebista-plataformak... Bestalde, jendeak oso gustura laguntzen dizu euskaraz hasten zarenean.
Trikimailuren bat?
Edozein hizkuntzatarako balio du: ez galdetu gauzak zergatik diren modu jakin batean. Normalean, jendea hor trabatzen⁴ da, aditz-formekin, adibidez. Ahaztu galderak, egin, onartu eta kito. Garrantzitsua da. Euskara ikastea puzzle bat osatzea bezala da: jolasa; hortaz, ez galdetu eta gozatu.

1. Oro har: orokorrean.
2. Nor(k) bere kabuz:
bakarrik, laguntzarik gabe.
3. Uztartu:
compaginar (es), concilier (fr).
4. Trabatu:
enredar(se) (es), se tromper (fr).

Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.