Emma Cairns

Lurgan, Armagh, Ipar Irlanda, 1991

Bi urtez Bilbon bizi ondoren, 2017tik Arrasaten bizi da Cairns. Hizkuntz akademia bat du, non ingelesa irakasten duen. Frantses eta hispaniar filologia ikasketak egina, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiten du, ingelesez gain, jakina. Euskara bere kabuz ikasten hasi, eta egun C1 eskuratu nahian dabil. Irakaskuntza arautuan irakasle aritzeko masterra egin zuen iaz, euskaraz. Eñaut Mitxelena.

Nolatan iritsi zinen euskarara?

Hona etorri baino lehen ezagutu nuen. Unibertsitatean, Aberdeen-en (Eskozia), Nerea Arruti zarauztarra izan nuen irakasle, eta harekin ezagutu nuen euskal kultura. Gradu amaierako lana ere euskal kulturari buruzkoa egin nuen. Unibertsitatean, euskaldunen eta nire kulturaren arteko konparazioa egin nuen. Beti ibili izan naiz nire nortasunaren bila, eta hemen ere antzeko zerbait gertatzen da: nor naizen ni, nor garen gu... Gainera, ikusi nuen badagoela leku bat non frantsesez eta gaztelaniaz hitz egiten duten. Beraz, Euskal Herrira etortzea pentsatu nuen, hiru hizkuntzatan hitz egiteko. Hala, 2014an, Lazkaoko Maizpide barnetegira etorri nintzen.

 Zergatik ikasi zenuen?

Hemengoak ezagutzeko. Atzerritarra naizenez, hemengo lagunak ezagutzea ez da hain erraza. Hortaz, lagunak egiteko eta hemengo kultura hobeto ulertzeko.

Nolako prozesua izan da?

Lehenengo, barnetegian izan nintzen. Ondoren, unibertsitate ikasketak amaitutakoan, hona etorri nintzen. Arian euskara ikasteko metodoa erabiltzen nuen hasieran. 2017an, Arrasateko udal euskaltegian hasi nintzen, A2 mailan. Han bi urtez aritu ondoren, hizkuntz akademia batean nuen lanpostua utzi eta euskara ikasten buru-belarri aritzea erabaki nuen. B2 maila lortzeko, udal euskaltegian eta AEKn ibili nintzen, goizez eta arratsaldez. Iaz masterra egin nuenez, ez nuen euskaltegira joateko denborarik, baina aurten berriz joan naiz bi euskaltegietara. Datorren ikasturtean, ordea, bakarrera joango naiz; B2 eskuratuta, C1 maila lortzeko prestatzen ari naiz.

Zer izan da zailena zuretzat?

Hiztegia. Halere, orain apur bat hobeto nabil; AEK-ko irakasleekin ikasi dut hitzak nola eraiki, adibidez, atzizkiak1 erabiliz. Asko laguntzen dit hori jakiteak.

Eta errazena?

Gramatika. Bere logika du, beraz, oso erraza da.

Gustuko hitza edo esamoldea:

Balizko errotak, irinik ez. Edo Bakoitzak bere astoari egiten dio arre. Esaera zaharrak asko gustatzen zaizkit.

Trikimailuren bat?

Hitz egin. Saiatu. Adibidez, A2 mailan hasi nintzenean, asko ikasten nituen nahiz eta, arren... Baina A2n ez da beharrezkoa horiek erabiltzea, hitz egitea baizik. Beraz, bota hitzak euskaraz! Bota, eta gero ikusi akatsak.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.