Irene Moreno Ramos
(Aurizberri, 1974)

Txikitan apur bat ikasi bazuen ere, gaztetan heldu zion euskara ikasteari Morenok. Bost urte daramatza Pirinioetako AEKn, Garraldako euskaltegian. Egun, B2 maila egiten ari da, eta, behar ez duen arren, azterketa egin berri du, “nire maila neurtu nahi dudalako”.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Nire herrian, txikia nintzenean, ez zegoen euskara ikasteko aukerarik. Eskolan, A eredua besterik ez zegoen. Gure aitak, beste guraso batzuekin batera, 4 eta 5 urteko umeentzako ikastola sortu zuen, legez kanpo. Ondoren A ereduan sartzen ginenenez, gaztelaniaz ikasi nuen beti; euskara irakasgaietako bat zen eskolan. Hogei urterekin hasi nintzen berriro euskara ikasten. Iruñeko Hizkuntz Eskolan eman nuen izena, B1 mailan sartu ninduten, baina ez nengoen eroso. Maila altua zen niretzat, eta utzi egin nuen. Iruñean 20 urtez bizitzen egon eta gero, Aurizberrira itzuli nintzen, eta umea izan nuenean pentsatu nuen nahitaez ikasi behar nuela, harekin euskaraz mintzatzeko.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Alde batetik, etxean jaso nuelako beti. Gurasoek ez zekiten euskara, baina gustuko zuten euskal kultura... eta aitarentzat oso-oso garrantzitsua zen euskara ikastea. Bestetik, beste gazteak ikusten nituenean, inbidia handia ematen zidaten. Hala, semea jaio zenean, AEKn hasi nintzen, Garraldan, eta oso-oso gustura nago.
Nolako prozesua izan duzu?
Ilusio handiarekin hasi nintzen. Maila baxuetan, jolas pila bat egiten da, eta oso giro atsegina izaten da. Halere, noizean behin, krisiak izaten ditut. Azkena, adibidez, subjuntiboaren krisia izan da. Beti gertatzen zait: zerbait berria agertzen denean, zalantzak pizten zaizkit, nik uste beste ez dakidala ikusten dut... Olatu modukoak izaten dira. Dena dela, oso ongi nabil, ilusio handiarekin beti. Duela bi urte, familia barnetegira joan nintzen, eta bizipen itzela izan zen, zirraragarria. Esperientzia zoragarria da barnetegia, eta sekulako bultzada ematen du. Ni neu aipatutako krisialdi horietako batean nintzen, baina zeinen gustura ibili nintzen!
Zer izan da zailena zuretzat?
Nahiz eta oso berritsua eta ausarta izan, ikasitakoa erabiltzea da zailena niretzat. Hau da, ez naiz nire erosotasun eremutik irteten. Ikasi dudana erabiltzeko eta hanka sartzeko ausardia handixeagoa falta zait. Ezin berritsuagoa naiz, eta euskaraz egin behar badut... aurrera! Nire erosotasun eremuan, hori bai. 
Eta errazena?
Ez dakit. Guztia, euskaltegian hastea, adibidez. Izan ere, hemengo AEKn behintzat,  giro aparta eta polita dago, jende oso jatorra. Neurri batean, bizimodua da niretzat. Euskara zaila dela diote, baina nik ez dut hori esango. Lan handia da, bai, ederra ere bai. Ilusio handiz, lasai-lasai eta pixkanaka-pixkanaka dena lor daiteke.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Eginean-eginean esatea oso gogoko dut. Iaz ikasi nuen eta, bat-batean, oso beharrezkoa zait!
Trikimailuren bat?
Betikoa: lotsa baztertu. Horrez gain, beste ikasle batek eta nik, beheko mailetan, hitz batzuk gogoratzeko antzeko hitzak bilatzen ditugu: zenuten gogoratzeko, adibidez, “cenutrio”. Horrelakoak, auskalo zenbat! Bi urte eman nituen pentsatzen kutsadura “caja fuerte” zela. Aditzak ikasteko, berriz, irudikatu egiten dut. Esate baterako, “haiek” ageri bada, nire lagunak direla pentsatu ohi dut. Hau da, pertsona ezagunekin lotzen ditut. Oso arraroa da, badakit, baina baliagarria da.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.