Victoria Zarco Jimenez
Benalmadena, Espainia, 1988
Haur Hezkuntzako irakaslea, 2024ko irailean etorri zen Gasteizera bizitzera eta berehala eman zuen izena Aixkiria AEK euskaltegian, A1 mailan. Aurten, berriz, Zadorra AEKn hasi da, B2 mailan. Euskal Herrira iritsi zenetik, buru-belarri ari da euskara ikasten: udan barnetegi batean izan zen eta B1 maila eskuratu zuen. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hainbat arrazoirengatik. Lehenik, bikotekidearengatik; elkar ezagutu genuenetik, argi izan nuen haren ama hizkuntza berarekin partekatu nahi nuela. Hona etorritakoan, beste arrazoi bat aurkitu nuen: euskara hitz egitea Euskal Herrian integratzeko modu onena da. Azkenik, nire aita Gipuzkoakoa da, baina ezin izan zuen euskara ikasi, eta horregatik sentitzen nuen euskara berreskuratu behar nuela. Arrazoi horiengatik, euskararekiko lotura berezia sentitzen dut, eta horrek ikaskuntza prozesua polita eta, ahal den neurrian, erraza izaten laguntzen dit.
Nolako prozesua izan duzu?
Bikotekidea ezagutu nuenean, Hierron (Kanariak) bizi nintzen, beraz, euskara ikastea ez zen erraza. Etxea gauzen euskarazko izenekin papereztatua1 nuen: labean, hozkailuan... Bikotekideak esaldi batzuk ere erakusten zizkidan. Hona etorri bezain laster, euskaltegian izena eman nuen. Uztailean barnetegi batera joan, eta ordutik salto handia egin dut. Bestalde, oso garrantzitsua izan da niretzat egunerokoan euskara praktikatzeko aukera izatea, baita erreferente bat izatea ere “egin daiteke!” esateko: nire amaginarreba2. Helduaroan ikasi zuen euskara eta gaur egun naturaltasun osoz bizi da euskaraz. Hori da nire helburua: euskaraz bizitzea, baita andaluziarrez ere.
Zer izan da zailena eta errazena zuretzat?
Zailena, hiztegia eta aditz trinkoak lehenaldian. Errazena, gramatika. Euskarazko gramatika oso koherentea da.
Erabiltzen al duzu?
Bai, lehenengo egunetik. Hasieran, adibidez, erosketen zerrendari eta halako kontu errazei buruz hitz egiten nuen; orain, etxean eta bikotekidearen familiarekin euskaraz egiten saiatzen naiz. Etxetik kanpo, okindegian eta azokan erabiltzen dut. Gainera, Euskaraldiko txapa ikusi zidatenetik, euskaraz hitz egiten didate beti. Errioxan lan egiten dudanez, han ez dut hitz egiten, baina autoan irratia euskaraz entzuten dut beti. Era berean, euskaraz irakurtzen saiatzen naiz.
Gustuko hitza edo esamoldea:
“Euskaldun”, bere baitan daraman mezuarengatik: euskalduna izateko, ez da beharrezkoa Euskal Herrian jaiotzea, baizik eta euskara jakitea eta erabiltzea. Euskal Herriaren internazionalismoaz asko esaten duen hitz ederra da. Oso polita eta berezia da niretzat.
Trikimailuren bat?
Egun osoan, ahal beste erabiltzea: irratia entzun, telesail bat ikusi, idatzi, ogia erosi... Gutxi bada ere, ikaskuntzan eta motibazioan aldea nabaria da. 
1. Papereztatu: paperez bete, paperak edonon itsatsi.
2. Amaginarreba: bikotekidearen ama.

 
															 
      
      
    