Catherine Clark
2016an iritsi zen Donostiara Catherine Clark gazte ingelesa. Hasieran, ingeles eskolak ematen zituen, baina 2019an, BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language-n doktoretza prestatzen hasi zenean, euskara ikasten hasi zen Amara auzoko AEKn. A2 egin ostean, B1 mailan hasiko da aurten.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Donostian ingelesa irakasten ari nintzela. Euskara hizkuntza oso interesgarria da, baina oso zaila iruditzen zait. Ondoren, BCBLn hasi nintzenean, lankide batzuk euskara ikasten ari ziren, eta eskolak oso dibertigarriak iruditu zitzaizkidan. Orduan, euskara ikasten hastea erabaki nuen.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Lankideak ikasten ari ziren, eta beti nahi izan dut euskara ikasi. Baina ez nuen astirik. Ingeles eta euskara eskolak aldi berean egiteko ikastegiak topatzea oso zaila zen. BCBLn, lan egin ondoren eskolara joan naiteke.

Nolako prozesua izan duzu?
Eskolan egiten ditudan gauzak etxean errepikatzen ditut. Esate baterako, adibideak idatzi egiten ditut eta neure buruarekin hitz egiten dut, buruz ikasteko.

Zer izan da zailena zuretzat?
Gustatzen ez zaizkidan arloak ikastea. Oro har, hiztegia: hitzak buruz ikasi behar dira, eta nekagarria da. Aditzak, deklinabidea... interesgarriagoak dira.

Eta errazena?
Hitz egitea oso zaila da, baina niri gustatzen zait. Esaldiak idaztea gustatzen zait, ikasgelan edo etxean, baina ez dakit ongi egiten ditudan. Eta gramatika praktikatzea gustatzen zait, logikoa da.

Erabiltzen duzu?
Batzuetan. Tabernetan, baina egoeraren arabera. Mendian korrika egiten dut, eta han, adibidez, jende askok euskaraz hitz egiten du. Esaterako, behin, emakume batek ea ongi nengoen galdetu zidan, eta nik erantzun egin nion. Beraz, egoera batzuetan erabiltzen dut, bai.

Une barregarriak emango zizkizun...
Bai. Euskaltegian, mintzapraktikak oso dibertigarriak dira. Konfiantza daukagu gure artean, eta gaiak oso barregarriak izaten dira. Irudimena da garrantzitsuena!

Gustuko hitza edo esamoldea:
Hitz asko gustatzen zaizkit. Lanean, maiz aldatu behar izaten dut ordenagailuko pasahitza, eta euskarazko gustuko hitzen bat aukeratzen dut beti. Esaterako, bihotza, eztabaida... erabili ditut. Hitz logikoak dira.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.