Blanca Urgell
(Gasteiz, 1962)

Txikitan euskara ez ezagutzetik Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Ikasketak saileko irakasle izatera. Euskal filologian doktorea da, eta euskaltzain urgazlea. Berak dioen moduan, “hizkuntza bat ikasteak bizitza osoko prozesua izan behar du”. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua ere izan zen, 2009tik 2012ra.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Familiaren bitartez. Nire izeba batek aita gudaria izan zuen. 60ko hamarraldian eta, euskararen aditzerik ia ez neukan inguruan, familiaren adar horri esker ezagutu nuen. Ez ziren euskaldunak, baina bai euskaltzaleak. Hortik jakin nuen hemen bazegoela beste hizkuntza bat.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hamalau urterekin hasi nintzen. Hizkuntzak asko gustatzen zitzaizkidan, eta nerabezaroan pentsatu nuen niretzat ezezaguna eta misteriotsua zen hizkuntza hura ikastea nire nortasuna osatzeko modu bat izan zitekeela.
Nolako prozesua izan duzu?
Hizkuntzak ikastea ez da sekula amaitzen, ezta norberarena bada ere. Baina trebatzea, lasai hitz egiteko moduan barneratzea... unibertsitatean lortu nuen, Euskal Filologia egitean. Giro hartan askatu nuen mingaina.
Zer izan da zailena zuretzat?
Doinua harrapatzea da beti zailena. Hitz egitean, euskaldunok doinu bat baino gehiago daukagu, euskalkien arabera eta. Baina horietako bat, gutxienez, harrapatzea azken urratsa da, eta politena ere bai. Horretarako, belarria ireki eta eredu onak bilatu beharra dago.
Eta errazena?
Euskararekin maitemintzea. Kostatu ala ez, lehenengo hitzak esaten hasi nintzenetik, beti sentitu izan naiz harro, euskaraz zerbait esateko gauza nintzela pentsatuta.
Erabiltzen duzu?
Nahi baino gutxiago. Lan inguruan, denbora guztian. Etxean, berriz, saiatzen naiz. Eta kalean, badakigu: gauza batzuetan, irabazten ari da. Oso ongi etorri zaigu Euskaraldia norberaren kontzientzia eta arreta pizteko. Gehiagotan ahalegintzen naiz, eta gero eta gehiagotan ikusten dut besteak ere badakiela euskaraz.
Trikimailuren bat?
Hasieran, perpaus guztietako aditzak sartzen tematzen nintzen, baina jendearen hitz egiteko erari erreparatzen badiozu, askotan ekidin daitezke aditz horiek, perpaus arinagoak eginez, eta ez da ezer gertatzen. Eta, batez ere, hitz egitea, ongi ala txarto ari zaren pentsatu gabe. Zenbat eta gehiago hitz egin, hainbat eta hobeto egiten da, dudarik gabe. Entzun eta hitz egin, horixe da sistema bakarra. Taulak-eta ikasteak ez dizu inoiz jariorik emango. l


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.