Nuria Castro
Gijón, Espainia, 1987
Duela lau urte etorri zen Euskal Herrira Castro, Hernaniko garagardo fabrika batean lan egitera, hasieran garagardoa egiten eta orain kalitate arduradun. Donostian bizi da, eta duela hiru urtetik Amarako AEKn dabil euskara ikasten, gaur egun B1 mailan. Elkarrizketa hau azterketa sasoi betean1 egin genion. Gaztelania eta ingelesa dakizki, baita italiera pixka bat ere. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Donostiara etorri nintzen lan egitera, baina nire lanean ez da beharrezkoa euskara jakitea, nagusiak amerikarrak direlako. Lankide gehienak kanpotarrak izan arren, badaude euskaldun batzuk ere. Elkarren artean euskaraz egiten dute noizean behin eta nik kuriositatea neukan. Hizkuntzak gustatzen zaizkit, jakin-mina2 duen pertsona naiz eta, ondorioz, gauza desberdinak ikastea gustatzen zait. Beraz, animatu egin nintzen.
Nolako prozesua izan duzu?
Amarako AEK euskaltegian eman nuen izena, probatzeko bakarrik. Nire helburua ulertzea zen, besterik ez, baina poliki-poliki hasi naiz pixka bat hitz egiten. Azken batean, hori da helburua: jakitea.
Zer izan da zailena zuretzat, eta zer errazena?
Hasieran, gauza piloa ikasi behar duzu esaldi motz bat esateko, gauza asko jakin behar duzu... zaila egin zitzaidan hori. Ondoren, denborarekin, pixka bat errazagoa egiten zaizu, esaldien egiturei zentzua3 hartzen hasten zarelako. Halere, zertxobait errazagoa bakarrik! Zentzua ikusten diozunean, ikastea errazagoa da. Baina hori hiru urteren ondoren, kar-kar!
Erabiltzen al duzu?
Normalean, ez. Lanean ingelesez hitz egiten dugu, eta etxean ez dugu euskaraz egiten, pisukideak ez direlako euskaldunak. Dena dela, dendetan edo tabernetan saiatzen naiz euskaraz eskatzen.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Mingaina. Euskaltegiko lehen urtean, Maialen Barcena irakasleak hitza aipatzen zigun, baita zein zentzu duen ere. Esaten zigun mingainarekin min egin dezakegula. Nire ustez, oso poetikoa da, eta oso polita.
Trikimailuren bat?
Adibidez, liburutegian umeentzako liburuak hartzea. Umeentzat dira, baina niretzat nahikoak. Asko lagundu didate ikasitakoa lantzen, bai gramatika bai hiztegia. Pentsa, iragan otsailean New Yorkera joan nintzen nire gaita taldearekin eta hegazkinerako umeentzako euskarazko liburu bat eraman nuen, kar-kar! Trikimailu gehiago: irratia entzutea, eta kartel guztiak irakurri eta ulertzen saiatzea.
1. Betean: en pleno,-a (es), en plein (fr).
2. Jakin-min: kuriositate, jakiteko gogo.
3. Zentzu: sentido (es), sens (fr).