Hatortxu Rock jaialdi solidarioa uztailaren 24tik 27ra egingo dute Lakuntzako Beriain belardian. Aurtengoa berezia izango da, 30. edizioa eta azkena izango delako. Izango duen tamaina historikoa izango da: guztiari aurre egiteko, auzolanerako kanpaina berezia antolatu dute, 7.049 txanda betetzeko. Dena beharko dute antolatzaileek, jaialdira batu diren musikariak eta taldeak ehun baino gehiago baitira. Besteak beste, Porrotx, Ene Kantak, Gorka Urbizu, Koma, Iñigo ETS, Bourbon Kings, Trikidantz, Olaia Inziarte, Tapia eta Leturia, Anje Duhalde, Tremenda Jauria, Soziedad Alkoholika, Anestesia, Zetak, Delirium Tremens, Bizardunak, Kaleko Urdangak, Zea Mays, Potato, Xiberoots, Latzen, Afu, Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Brigade Loco, Leihotikan, Añube, Gatibu, Süne, Maruxak, Kaotiko, Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Betagarri...

499akelarre

AKELARRE taldeari buruzko dokumentala prestatzen dabil Durangoko Bideografik ekoiztetxea1, udazkenean estreinatzeko asmoz. Akelarre plaza taldea 70eko hamarkadan sortu zen, eta lehenengotakoa izan zen euskara hutsezko errepertorioa osatzen, bere rock abestiak eta ingelesezko taldeen euskarazko bertsioak tartekatuz. Euskal Herriko plaza gehienetan jo eta 16 disko argitaratu ondoren, duela 20 urte amaitu zuen bere musika ibilbidea, 2009 eta 2017an bira pare bat egin arren.

1. Ekoiztetxe: musika lanak (eta/edo zinemakoak) produzitzen dituen enpresa.

499xabaltx

NORABIDE XURIAK
Xabaltx
Belarri, 2024

Zortzi abestiz osatu du musikari lapurtarrak bere azken diskoa. Gaiak, betikoak bezain garaikideak: komunikatzeko zailtasunak, belaunaldien arteko gaizki-ulertuak, zalantza existentzialak (era metaforiko eta dibertigarrian jorratuak), totalitarismoaren gorakada... Hausnarketa da, azken batean, album honen muina2. Jokin Irungaray, Xabi Leon eta Patrice Tetevuide musikariak izan ditu lagun.

2. Muin: esencia (es), essence (fr).

499gaua

GAUA
Arima Soul
Subterfuge Records, 2025

Lidia Insaustiren eta Makalaren disko berri honetan, funk eta disko musika nagusitzen da. Aurrekoak 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako black music soinuetara bideratuagoak3 bazeuden ere, oraingoan 80ko eta 90eko hamarraldietara jo dute, egungo dantza eta soinu “modernoagoei” protagonismoa emanda. Ondorioz, baita garai horiei lotutako instrumentuei ere, hala nola sintetizadore eta teklatu analogikoei.

3. Bideratu: dirigir (es), diriger (fr).

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.