Nøgen boskote donostiarrak hamar urte beteko ditu 2026an. Urtemuga ospatzeko, kontzertua antolatu dute Donostiako Kursaal Auditorioan 2026ko urtarrilaren 3rako. Åben Cirkel azken diskoan etxe bat irudikatu dute agertokian, babesgune bat basoaren erdian, eta horrela ibili dira Euskal Herriko eta kanpoko hainbat plaza, areto eta jaialdi handi zein txikitan. Orain, ordea, alde egiteko garaia omen da, “guztia batu eta etxea atzean uztekoa. Hamar urte betetzen ditugun honetan, aro honi amaiera eman beharrean aurkitzen gara. Kutxak bete eta etxea hustu. Hurrengo geltokiaren bila”. Taldeak hiru disko luze (Liv til døden, Under Alt, Åben Cirkel) eta disko labur bat (Lys) plazaratu ditu bere musika ibilbidean, eta atzerrian jotzeko aukera ere izan du (Japonian, Finlandian edo Kuban, esaterako).
MAIZTER izeneko diskoa kaleratu du Maite Larburuk. Egilearen hitzetan, etxe biribil (edo disko) honek “maizter ugari daramatza bere baitan: txori-jendea, erreka-jendea, mamu-jendea, marrazki-jendea, hitz-jendea, jende-jendea...”. Larburuk berak grabatu ditu hamar abestiak, lana soinu naturalistaz betez. Gitarra klasikoa, ahotsa, biolina eta soinu organikoak, txori, erreka, baso, haize, auto, garabi eta auzoen zaratarekin bizi dira, folk progresiboa deitu litekeen zerbait sortuz.
SOMATEKA
Aiert
Baga-Biga, 2024
Zortzi abesti bildu ditu musikari gipuzkoarrak bere lehenengo diskoan. Pop elektronikoa darabil lasaitasunaren eta laztanaren, erritmo lodien eta ahots oldarkor eta amorratuen artean; alabaina, zenbaitetan pasarte intimo erabat akustikoak ere agertzen dira. Genero disidentzia da abesti guztietan islatzen den gaia: erresistentziatik idazten du, musika eta artea espresio politikoak direlakoan.
POLIORKÊTÊS
Kerobia
Y las Ardillas Mágicas, 2025
Urtebeteko prozesu sortzailearen ondoren heldu da Kerobiaren lan berri hau, artifiziorik gabeko musika zaindua. Etxeko gauza txikiek hartzen dute garrantzia: fregatu gabeko platerak, irratiko goizeko albisteak, arropa garbitzea, kafea egitea... Hamaika abesti, guztiak Xabi Bandinik idatzi eta musikatuak. Taldekide izan ditu Txus Aranburu, Lur Larraza, Alberto Isaba eta Eneko Requetibate.