Pasadena da Libe Garcia de Cortazarren (Libe, Izaki Gardenak) eta Jon Basagurenen (Izaki Gardenak) proiektu berria. Urteak daramatzate elkarri laguntzen kantuak osatzean, baina orain arte ez dute hasieratik biena den diskorik kaleratu. Musika, hitzak eta ekoizpena beren esku hartu dituzte, eta Danilo Forondak osatu ditu gitarra elektriko eta baxu moldaketak. Dani Arrizabalagak, berriz, bateriarenak. Emaitza zortzi kantu batzen dituen diskoa da, CDan eta digitalki argitaratua (biniloan ere lortu ahal izango da). Libe Garcia de Cortazarren eta Jon Basagurenen ahotsek galeraz, iragandakoez eta erabat lortu gabekoez betetako paisaiak zeharkatzera eraman nahi dituzte entzuleak. Pasadena izendatu dute lurralde hori: aldi berean, berri eta zahar, ezagun eta arrotz.

HATORTXU ROCK Atarrabian egingo da, abenduaren 18an. Euskal presoen aldeko jaialdian 17 talde arituko dira, besteak beste, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Dupla, Nøgen, Tribade, Skakeitan, Rodeo eta Dj Plan B. Sarrerak aspaldi agortuta, pandemiaren etenaldiaren ostean ahalegin berezia egingo dute eragileek, udan beste edizio bat antolatuta: uztailaren 29an eta 30ean, Atarrabian. Sarrerak salgai dira hatortxurock.eus-en.

ROLAN GARCES & BANDATZE
Rolan Garces & Bandatze
Gor, 2021

Iruindarrak Bandatze taldearekin plazaratu du disko berria, eta 10 abesti sartu ditu bertan. Horiek osatzeko, efekturik gabeko ahots garbi eta indartsuaz gain, rockaren eta folkaren tradiziotik sortutako doinuak erabili ditu. Hitz batzuk, berriz, bereak dira, baina badaude Xabier Leteren egokitzapenak eta Ainhoa Garaikoetxea, Pello Lizarralde, Hasier Larretxea eta Oskar Sanz de Acedoren kolaborazioak ere.

ESNATU BAINO LEHEN
Mikel Moreno
Elkar, 2021
Kauta taldeko abeslaria izandakoak bakarkako ibilbidea hasi du lan honekin. Pandemia garaian sortutako zortzi kantuz osatu du, jendearekin partekatu nahi zituen emozioak kontatzeko istorioak idatziz. Hala, zalantza, beldurra, dolua... ageri dira kantuen hitzetan, baina pop-rock alai eta argitsua nagusitzen da diskoan. Morenok berak ekoitzi du Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan grabatutako diskoa.

 

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.