Pantxoak eta Peiok hilaren 21ean jasoko dute Adarra saria

Bikote lapurtarrak1 Victoria Eugenia Antzokian eskuratuko du saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak emanda. Ondoren, kontzertua eskainiko du. Odile Kruzetak, Edurne Otamendik eta Gorka Iribarrek osatutako epaimahaiak apirilean erabaki zuen 2026ko Adarra saria Pantxoa eta Peiori ematea, hainbat arrazoirengatik: 60ko hamarkadatik “kantuaren plazera” hainbat belaunaldirekin2 partekatu dutelako, erresistentziazko himno bihurtu ziren protesta-kantak plazaratu zituztelako, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi-lana egin dutelako, garai zailetan euskal musikarako funtsezkoa3 izan den oinarrizko azpiegitura⁴ emankorra abiatu zutelako...


MAGALA
Haize-arrosa
Baga-Biga, 2025
Oraingoan, folk estilo puruagoa dakar taldeak, baina beste estilo batzuez aberastuta: rumba, country, balkan... Ez da emakumeen hainbat belaunaldiren arteko loturari buruz bakarrik hitz egiten, baina emakumearekin, tradizioarekin eta transmisioarekin sakon lotutako hamar abesti dira; norberaren esperientzietatik, emozioetatik, borroketatik eta kezketatik jaio dira, eta bakoitzak mezu bat darama.


LURPEKO TRENBIDEA
I. Etxarri & Bele
Egilea editore, 2026
Iñigo Etxarrirekin batera egin du Belek 14 bertsioz osatutako lana. AEBetako The Underground Railroad sare solidarioaren inguruan egindako bidaiaren emaitza da. Sareak hegoaldeko plantazioetatik iparraldera ihes egiten laguntzen zien esklaboei. Haien oinordeek5 sortu eta zabaldutako doinuak omentzen saiatu dira disko honetan, hango artisten kanten bertsioak eginez.
1. Lapurtar: Lapurdiko biztanle.
2. Belaunaldi: generación (es), génération (fr).
3. Funtsezko: fundamental (es), fondamental, -e (fr).
4. Azpiegitura: infraestructura (es), infrastructure (fr).
5. Oinorde: heredero, -a (es), héritier, -ère (fr).
