Iparraldea Bertan, Donostiako Alde Zaharrean

Euskal Kultur Erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Iparraldea Bertan zikloak 25 urte beteko ditu aurten. Lau kontzertuk osatuko dute Ipar Euskal Herriko musikarien sorkuntzan1 oinarrituko den egitaraua: Jurgi Ekiza, hilaren 3an, Argitzala albumarekin; Habia laukotea, otsailaren 10ean, Omen lanarekin; Hor Hor hirukotea, hilaren17an, poeta ezagunen idatzietatik abiatu2 eta soinu-laborategian ondutako3 kantu bitxiekin; eta Pantxix Bidartek eta Primaël Montgauzik sortutako Elimberri ikusgarria, otsailaren 24an. Guztiak 19:00etan hasiko dira, Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan.


SITSAK
Izaki Gardenak
Egilea editore, 2025
Talde gasteiztarrak bere diskoetatik kanpo utzitako zazpi kanta eta bost bertsio batzen dituen lan hibridoa aurkeztu du. Hala, taldearen doinu malenkoniatsua eta barruko giroa berretsi4 ditu, iluntasuna, melodia eztiak5 eta pop-blues kutsua6 uztartuz7. Lanak bi musika-unibertso elkartzen ditu: batetik, azken sorkuntzak; bestetik, orain arte diskoetan jaso ez diren kantak.


HARRAMAZKA
Zinez
Egilea editore, 2025
Iruñerrian 2021. urtean jaio zen bandak taldekideen barrenak abestietan azaleratzeko8 helburua zuen. Orain, bigarren diskoarekin datoz, denbora luzez eta elkarlanean sortutako hamabi abestirekin. Honetan, klasikoei bestelako esanahia emateko hautua9 egin du taldeak. Hala, Benito Lertxundiren Baldorba eta Mikel Laboaren Txoriak txori abestien erreferentziak aurki daitezke disko berrian.
1. Sorkuntza: creación (es), création (fr).
2. Abiatu: partir (es), partir (fr).
3. Ondu: konposatu.
4. Berretsi: baieztatu, konfirmatu.
5. Ezti: suave (es), doux (fr).
6. Kutsu: matiz (es), nuance (fr).
7. Uztartu: konbinatu, batu, bat egin.
8. Azaleratu: aflorar (es), affleurer (fr).
9. Hautu: elección (es), choix (fr).
