TU-K taldearen '22 21-11' lana, kalean

TU-K taldeak Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik 1984an sortutako proiektuari segida ematea erabaki du: duela bi urte Tuka esaten da argitaratu ostean, 22 21-11 diskoa dakar orain, zazpi abesti berriz osatutako albuma. Taldean José Lastra (programazioak eta teklatuak) eta Markel Uribe (gitarra) sartuta, aldea nabaritu da eta, musikalki, post-punk aldetik pop alternatibo eta indie aldera jo dute. Berlin eta Bremen (Alemania) bisitatuta, aurkezpen-birari ekingo diote hil honen 24an Donostiako Dabadaban. Ondoren, Bilboko Biran izango dira maiatzaren 9an, Pasai Donibaneko Kultur Aterpean ekainaren 27an eta Iruñeko Laban, ekainean (data zehazteke).


LUR
Maddi Oihenart & Juantxo Zeberio
Egilea editore, 2025
Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok elkarlanean egindako diskoak, tradizioa eta abangoardia eskuz esku, hamaika abesti ditu. Oihenartek bere lurraz hitz egiten du lan honetan, baina norberaren lurraz hitz egitean, ezin saihestu lurgabeak aipatzea, ezin ahaztu Palestina. Bestalde, nabarmentzekoak dira Zeberioren konposizioak eta moldaketak1 ere, kantuak aberasten.


LURRA IKUTU BARIK
Ruper Ordorika
Elkar, 2025
Hamaika kantu berri dakartza oñatiarraren album berriak, istorio iradokitzaileak2 kontatzen dituzten abesti indartsu baina limurtzaileak3. Dena den, hitz egokiari beti adi, Ruperrek Tonino Guerra, Javier Aguirre Gandarias eta Eva Linazasororen hitzak ere musikatu ditu, baita Testamentu Zaharreko pasarteak ere. Eta lagun izan ditu Leo Abrahams, Kenny Wollesen eta Jon Thorne musikariak.
1. Moldaketa: arreglo (es), arrangement (fr).
2. Iradokitzaile: sugerente (es), suggestif, -ive (fr).
3. Limurtzaile: seductor, -a (es), séducteur, -trice (fr).
