Zea Mays taldeak ekainaren 21ean jasoko du 2023ko Adarra saria, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ondoren, kontzertua eskainiko du bertan. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak ematen dute, urtero, euskal musikarien ibilbidea nabarmentzeko sari hau, eta aurtengoa talde bizkaitarrarentzat izango da. Juan González Andrés kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aipatu duenez, Zea Maysek kalitate handiko musika ibilbide arrakastatsua egin du 26 urtez, 11 disko argitaratuta. Halaber, taldeak Euskal Herriko eta nazioarteko artistekin egindako kolaborazioak gogora ekarrita, euskal rockaren arloan izan duen eragina azpimarratu du, baita haren ibilbidea Euskal Herritik kanpo gehien estimatzen direnen artean kokatu ere.

EHZ Euskal Herria Zuzenean Festibala ekainaren 30etik uztailaren 2ra arteko asteburuan ospatuko da, Irisarrin. Ohi bezala, era askotako tailerrak, animazioak eta ikusgarriak izango dira bertan. Eta, nola ez, kontzertuak. Aurtengo edizioan, besteak beste, Liher, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Vapa, Kuma No Motor, Arima, Afrika Bibang, Akts, Muare, Kristonak, Belako, Kolinga, Ada Oda, Mandarine, Soulfly, Madmadmad, Willis Drummond, Habia eta Mice. Sarrerak dagoeneko salgai dira www.ehz.eus atarian.

JAN ZU
Feline
Egilea editore, 2023

Taldeak plataforma digitaletan eta binilo formatuan kaleratu du Bilboko Silver Recording estudioan grabatutako lana. Punk, dark pop eta glam rock estiloetatik abiatuta, Ainhoaren baxu sendoa eta Enekoren bateria indartsua nabarmentzen dira, Iñakiren gitarraren eta Rubenen teklatu sintetikoen arteko elkarrizketa etengabearekin batera. Hori guztia, ahots melodiekin eta koruekin partekatutako sintonian.

GAUDEN ALDIAN
Desgaraian
Egilea editore, 2023

Jon Gurrutxagak, Markel de Reparazek, Xabi Agirrezabalak, Ekain Alzolak, Garikoitz Ortiz de Villalbak eta Peru Iparragirrek kaleratutako lehen diskoak bi urteko ibilbidean landutako 10 kantu bildu ditu. Proiektu berri honen sorrera Errime taldearen amaieran koka daiteke, Gurrutxaga (ahotsa) han ibili zelako aurretik. Gure inguruan egun gertatzen ari denaz abestu dute, nagusiki pop estiloari helduta.

 

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.