“Motibazioa eta metodologia dira gakoa”

Blanca Garcia
Tutera, 1995
Unibertsitate-garaian hasi zen euskara ikasten AEKn, Iruñean, eta lau urte egin zituen bertan. Egun, osasun-arloko irakaslea da lanbide-heziketan, eta euskararen aldeko lanari ere eskaintzen dio denbora. Esaterako, Errigora ekimenean parte hartzen du, batez ere Agerraldia ekinbideko1 kidea izanda. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Nerabezarora2 arte, euskaratik oso urrun bizi izan nintzen. Orduan Fontellaseko ikastolan ikasitako gazteekin elkartzen hasi nintzen. Tuterako gazte-mugimendua sortzeko lanean hasi ginen, eta kristoren amorrua ematen zidan euskara ez jakiteak eta, batik bat, besteek nirekin gaztelaniaz egin behar izateak. Haiei esker ezagutu nuen Errigora, eta auzolan batean Erriberako euskaldun berri batzuekin aritu nintzen. Haiek ikusita animatu nintzen AEKn izena ematera.
Nolako prozesua izan zen?
Oso polita. Lehenengo urtean, motibazioa biderkatu egin zitzaidan: bat-batean, zure burua gai ikusten duzu elkarrizketa txiki bat euskaraz izateko, eta pila bat motibatzen zaitu. Jende oso jatorra ezagutu nuen, eta irakasleek dena ematen zuten gu euskaraz murgiltzeko bai euskaltegian bai hortik kanpo. Oso-oso ongi pasatu eta asko ikasi nuen. Nire ustez, motibazioa eta metodologia dira gakoa3.
Zer izan da errazena zuretzat?
Euskara erabiltzeko guneak aurkitzea. AEKk, irakasteaz gain, sekulako lana egiten du horretan, ikasitakoa praktikan jartzen. Horrela ikasten da.
Erabiltzen duzu?
Gustatuko litzaidakeena baino gutxiago. Tuteran bizi nintzenean, ez nuen erabiltzen; beharbada, asteburuetan lagunekin gehiago. Orain Iruñean bizi naiz eta etxean euskaraz egiteko aukera daukat, iaz lana euskaraz egin nuen... baina gehiago egin nahiko nuke.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Ezina ekinez egina. Askotan entzun dugu euskara ikastea ezinezkoa dela, baina ez da egia.
Trikimailuren bat?
Ikasten duzun bitartean, baimena duzu edozein akats egiteko, eta hori aprobetxatu egin behar da, animatzeko eta euskaraz egiteari beldurra galtzeko. Ongi edo gaizki egin, horrela ikasten da. Inork ez dizu ezer esango okertzen bazara. Horrela praktikatzen da.
1. Ekinbide: iniziatiba, ekimen.
2. Nerabezaro: adolescencia (es), adolescence (fr).
3. Gako: clave (es), clé (fr).
