Oihane Alonso
Noain, 1985 

Lanbide-heziketan ingeles-irakaslea, Iruñeko Irrintzi AEKn hasi du ikasturtea Alonsok, C1 mailan. Zenbaiti ezaguna egingo zaio haren aurpegia, udan AEKren familia-barnetegiaren iragarkian agertu baita seme-alabekin batera. Hain zuzen, iaz izan zen familia-barnetegian. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Goizeder Cillero.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Eskolan, A ereduan ikasi nuen. Irakasgai bakarra euskaraz, ez da nahikoa. Batxilergoan, uda batean hilabete egin nuen Maizpide barnetegian. Nahiz eta ikasle ona izan, eta selektibitatea euskaraz egin, maila baxuaz amaitu nuen Batxilergoa. 30 urte inguru nituenean, berriz hasi nintzen ikasten. Euskara da gure hizkuntza, euskalduna sentitzen naiz. Gure kultura da, eta horixe transmititu nahi diet seme-alabei. 
Nolako prozesua izan duzu?
30 urterekin-edo Iruñeko Irrintzi euskaltegian hasi nintzen, eta B1 lortu nuen. Ondoren, Huarteko euskaltegi publikoan ibili nintzen hiru urtez. Baina orain iritziz aldatu dut: ez dut gramatika ikasi nahi, hitz egin baizik. Hizkuntzari dagokionez, niretzat garrantzitsuena hitz egitea da. Horregatik itzuli naiz AEKra. 
Zer izan da errazena zuretzat?
Hizkuntza bat ikastea polita da. Telebista ikusi, idazlan bat egin, hitz egin... prozesua da dibertigarriena. Ni oso hiztuna1 naiz, eta nire­tzat errazena hitz egitea da. Lotsarik ez dut, eta hori oso garrantzitsua da hizkuntzak ikasteko.
Eta zailena?
Gaztelania da nire ama-hizkuntza, eta ba­tzuetan zaila egiten zait euskaraz gaztelaniazko egiturak ez mantentzea, desberdinak direla jakin arren. Gaztelaniaren eragina oso indartsua da, eta euskaldunok gaztelaniazko egiturak kopiatzen ari gara. Eragin izugarri hori da zailena. Baita penagarria ere.
Erabiltzen al duzu?
Gutxi gorabehera egunero erabil­tzen edo entzuten dut. Senarra gaztetan ezagutu nuen; euskaldun zaharra da, Doneztebekoa, eta nabaritzen da. Beti egon naiz euskarari lotuta. Orain, bi seme-alaba dauzkagu, ikastolan ikasten ari dira. Oso erdaldunak ziren lehen, baina dagoeneko euskaraz egiten dugu etxean, pixkanaka lortzen ari gara.
Trikimailuren bat?
Mutil-lagun, neska-lagun edo kuadrilla euskalduna aurkitzea. Azkenean, erabiltzea. 

1. Hiztun: berritsu, asko hitz egiten duena.


Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.