Xabier Etxaniz Rojo
Trintxerpe, Pasaia, 1971

Euskara ikastetik irakastera igaro zen Etxaniz Rojo idazlea. 1993tik irakaslea da AEKn, baina eskolak ematea ez du euskara erabili eta zabaltzeko modu bakarra. Idazle ere, euskaraz ondu ditu beti bere lan guztiak: ipuin liburuak, eleberriak, antzerkiak, zutabeak hedabideetan... AIZU!n ere gozatu ahal izan ditugu bere idatziak. Eñaut Mitxelena.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Eskolan ezagutu nuen euskara, baina garai hartan astean 3 ordu ikasten genuen, hutsaren hurrengoa. Etxean, denok gaztelaniaz. Niretzat eskolako irakasgai bat zen, besterik ez.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Realarengatik egin nintzen euskaltzale eta abertzale. 1982ko Munduko Futbol Txapelketan Zamora, Satrustegi, Arkonada, Lopez Ufarte... horiek guztiak deitu zituzten Espainiako Selekziora. Nire aitak ez zuen haiek joatea nahi, lesioen beldur zelako. Gogoratzen dut txapelketa hartan Espainiak galtzea nahi nuela, eta Realeko jokalariak lehenbailehen etortzea. Orduan hartu nuen euskararen eta Euskal Herriaren kontzientzia, eta orduan esan “euskara ikasi beharko dut!”.
Nolako prozesua izan zenuen?
Hamar urterekin ikaslea nintzen AEKn, Trintxerpen. Gero lankidea izan dudan Elena Vazquez izan zen nire irakaslea. 15 edo 16 urterekin euskara ikasteko erabakia sendoa zen, eta egunero 2 orduz joaten nintzen Pasaiako udal euskaltegira. Bi ikasturte egin ondoren, barnetegi batera joan nintzen. Horixe izan zen gakoetako bat. Hernanin bi astez, 18 urterekin, asko ikasi nuen. Handik bueltan, Trintxerpera iritsi, autobusetik jaitsi, eta topatu nituen lehenengo biak kuadrillako bi lagun euskaldunak izan ziren. Lehen egun hartan, euskaraz hitz egiten hasi nintzen haiekin, eta gure ohitura komunikatibo guztiak aldatu egin ziren. Gakoa izan zen iritsi eta hasieratik praktikan jartzea.
Zer izan zen zailena zuretzat?
Publikoaren aurrean hitz egitea, agian.
Eta errazena?
Aditzak. Euskara oso logikoa da. Ikasle askok aditzen taula buruz ikasi nahi izaten dute, eta ez diote logikarik ikusten. Logika antzematean ikusten da beti berdin funtzionatzen duela. Deklinabidearekin ere, antzera: bukaera jakinda, edozein hitz deklina dezakezu.
Trikimailuren bat?
Eskolan gaztelaniaz gaizki hitz egitea, akatsak eginda hitz egitea posible dela eta arazorik ez dagoela konturatzeko; kontua komunikatzea da. Hau da, nik gaztelaniaz zalantzak dauzkat. Batzuetan badakit zein den hitz egokia, baina nahiago dut hitz oker bat erabili, posible bada dibertigarria, ikasleak horrekin gera daitezen. Haiek akatsak egiten dituzte, eta nik ere akatsak egiten ditut. Horrela ikusten dute normala dela eta horrela ikasten dela.

Zelan euskaraz?

Atal honetatik lagun asko pasa dira dagoeneko. Guztiak, euskara heldu aroan eta euskaltegian ikasi duten pertsonak. Haiek ezagutzeko aukera edukitzeaz gain, euskara ikasteko lagungarriak diren aholkuak, trikimailuak eta testigantzak aurkituko dituzue. Ez galdu aukera!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.