heltzear web

Abantoko AEKn, bada talde berezi bat. Eskolak astean birritan1 ematen dira, astearte eta ostegunetan (guztira, lau ordu), Cotarro auzoko Kotarroenea etxean. AISA programako ikasleak direnez, dohainik ari dira ikasten, Martin Etxea GKEaren2, AEKren eta Abanto-Zierbenako Udalaren arteko hitzarmenari esker. Hori da, hain zuzen ere, AISA taldeen berezitasuna: aurretik euskararekin inolako harremanik izan ez duten pertsonentzat dira. M. Egimendi. Argazkiak: M. Egimendi.

Meatzaldeko AEKko Aritz irakaslea Martin Etxea harrera-guneak kudeatutako3 Kotarroenea etxean batzen da Ivania, Rudy, Ramiro, Raquel, Ayoub, Khadija, Fouad, Samuel eta Agustina ikasleekin. Guztiak jaio ziren Euskal Herritik at, batzuk oso urrun (Amerikan edo Afrikan), baina orain Bizkaian bizi dira eta euskara ikasten hasi ziren urrian. Taldeko gehienak Martin Etxetik datoz, eta batzuk egoera zaurgarrian daude, errefuxiatu-asiloaren zain.
Iazko maiatzean jo zuen Meatzaldeko AEKk Martin Etxera, “herriko etorkin-tasa handia kontuan izanda, haiek euskarara erakartzeko asmoz. Bazegoen horretarako nahia, bai AEKko kideon bai atzerritarren artean”. Bilera hartan, AISA programa azaldu zieten, eta Martin Etxekoek deialdia hedatu⁴ zuten. Aldi berean, ikasle horien matrikula ordaintzeko akordioa lortu zuten Abanto-Zierbenako Udalarekin.
Ikasleak huts-hutsetik⁵ hasi ziren, norberaren aurkezpena egiteko hitzak ikasten, koloreak, hilabeteak, asteko egunak, 100era arteko zenbakiak... Lehen urratsa, ordea, Aritzen esanetan, “konfiantzazko giroa sortzea da”. Izan ere, ikasle batzuk elkarrekin ondo moldatzen ez diren herrialdeetakoak dira. Adibidez, marokoarrak, Rifekoak eta amazighak, baina “ez dago arazorik haien artean, elkar errespetatzen dute”.
Lehen ikastaroa (60 ordu) urtarrilean bukatu zuten, gogobetetze6-maila handiarekin, eta otsailaren hasieran ekin zioten bigarrenari. Irakaslearen orduko⁷ balorazioa ere ona izan zen: “Oso talde ekintzailea eta partizipatiboa da. Lana dela eta, batzuek erritmoari jarraitzeko arazoak izan dituzte, baina gehienek ez dute asistentzian eta jarraitutasunean8 oztopo berezirik izan. Helburuak bete dituzte, eta euskarara hurbildu ditugu”. Irakasleak oso argi du “erakunde publikoek energia handiagoa” inbertitu beharko luketela horrelako ekimenetan: “Herrietan AISA ikastaroak sortzea horretarako bultzada izan liteke”.
Ikasteko arrazoiak, hainbat: gustuko dutelako (hizkuntza zapalduak dituzten herrialdeetakoen atxikimendua⁹ handiagoa da euskararekiko), pizgarria delako eurentzat, hemen geratzeko asmoa dutelako eta/edo lanerako behar dutelako, batzuk ez baitira arrazoi politikoengatik etorri, bizimodu hobearen bila baizik.
Ikasle hauek Udalak antolatutako Abantoko Euskal Astearen aitorpena10 jaso zuten joan den abenduan. Aritzen ustez, “helburua jende hori komunitatean integratzea ere bada”. Kontua, beraz, ez da euskara ikastea besterik gabe, baizik eta euskal kultura ere ezagutzea: Olentzero, Carrascoliendas inauteriak... Korrikaren aurkezpena, hain zuzen, Martin Etxean egingo da martxoaren 14an: egun osoko jaia eta, ramadan-garaia denez, gauean iftar afaria (musulmanek eguneko baraua11 eteteko otordua). Eta, 24. Korrikan, Martin Etxeak lekukoa hartuko du Abanton, martxoaren 26ko arratsaldean. Finean, guztiok gara euskara.

1. Birritan: bi aldiz.
2. GKE:
ONG (es), ONG (fr).
3. Kudeatu:
gestionar (es), gérer (fr).
4. Hedatu:
difundir (es), diffuser (fr).
5. Huts-hutsetik:
de cero (es), à zéro (fr).
6. Gogobetetze:
satisfacción (es), satisfaction (fr).
7. Orduko:
une hartako.
8. Jarraitutasun:
continuidad (es), continuité (fr).
9. Atxikimendu:
adhesión (es), adhésion (fr).
10. Aitorpen:
reconocimiento (es), reconnaissance (fr).
11. Barau:
ayuno (es), jeûne (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.