Garesko Udalak AEKren Ahize zerbitzuaren laguntzaz osatutako plan estrategikoa aurkeztu du. Ahizek eta herriko euskaltegiko kideek gidatutako lan mahaietan, 30 lagun inguruk hartu dute parte, herritarren zein udal langileen hausnarketa eta proposamenak biltzeko. Hala, egungo egoera aztertu, erronkak zehaztu eta horiek betetzeko bideak proposatu dira.
Diagnosiak euskararen kale erabilera azpimarratu du. Izan ere, iazko ekainean egindako neurketaren emaitza % 4,3koa izan da, Iruñerriko 2021eko emaitzaren gainetik eta Lizarrakoaren azpitik. Umeen artean, % 9,3ra igotzen da portzentajea, baina gazteen erabilera hobetzekoen artean dago. Euskararen ezagutza, berriz, nabarmen hazi da azken hamarkadetan. Hazkundea, bereziki, umeen, gazteen eta familia berrien artean gertatu da (azken urteotan, 4 umetik 3 eskolatzen dira D ereduan). Alabaina, umeen eta gazteen aisialdian euskarazko eskaintza oso eskasa da.
Horrez gain, herritarrek uste dute euskararekiko jarrerak hobetu eta erabilera esparruak zabaldu direla; halere, arreta berezia eskaini behar zaie saltokien euskalduntzeari, erabilera esparruak sortzeari eta euskalgintzako eragileen arteko koordinazioa indartzeari. Halaber, udal langileen eta euskara zerbitzuen iritziz, hizkuntza paisaian, webgunean eta sare sozialetan nabarmen hobetu da euskararen erabilera, nahiz eta asko dagoen hobetzeko langileen ezagutzan eta prestakuntzan, lanpostuen hizkuntza profilen ezarpenean, musika eskolako eskaintzan eta, oro har, Udalaren herritarrekiko komunikazioan.
Udaleko euskara zerbitzua eta arloz arloko eragileak arduratuko dira plana ezartzeaz, 2027ra bitartean. Ebaluazioa, berriz, urtean behin eginen du euskara batzordeak.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.