Poemaz osatu du Miren Agur Meabek helduentzako bere bigarren eleberria: Amorante frantsesa (Susa). Ez da, beraz, ohiko genero sailkapenetan sar daitekeen lana, egileak 147 olerki bilduz idatzi baitu; gehienak, logikoki, narratibo-deskriptiboak. Kontakizuna, berez, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea da: 60 urte beteak dituen atezaina da Agurtzane protagonista. Bilboko ikastetxe batean egiten du lan, eta egunero etxerakoan bizkar gainera igotzen zaizkion itzalez inguratuta bizi da. Bi egiteko nagusi ditu: osasun mentaleko arazoak dituen ahizpaz arduratu eta berriz loratzeko sentitzen duen irrika ase. Hala ere, Irati Beraza ikaslearen gorpua agertu izanak detektibe amateur bilakatuko du. Ezin esan istorio beltza denik, baina nobelak thriller ukituak ere badituela aitortu du Meabek.

497irasizabal

LEHERTU BAINO LEHEN nobela (Elkar) kaleratu du Iñaki Irasizabalek. Bikote gazte bat da protagonista: Erik eta Aiora, editorea bata, erizaina bestea. Ondo moldatzen dira, baina tentsio gune batzuk ere badaudenez tartean, harremana onbideratzeko estrategia abiatuko du Erikek. Gauzak, ordea, okertu egingo dira. Hortik aurrera, thrillerraren misterioarekin batera, dilema moralak dira nagusi: besteaz fidatu ala gauzak barruan gorde, egia osoa aitortu ala txarrena pasatu arte itxaron...

497epilogorik

EPILOGORIK GABE
Elena Sánchez
Erein, 2024

Blas de Otero-Angela Figuera nazioarteko XVI. poesia lehiaketa irabazi zuen liburu honetan lekua hartzen dute klima larrialdiak, migrazio krisiak, prekarietateak, bataila galduek, noraezak... Desenkantutik sortutako poema bilduma da, gure gaurkotasunaren erakusgarri. Hala ere, etorkizunik ez dagoela dirudienean, erresistentzia agertzen da eta ate bat zabaltzen zaio esperantzari.

497olatuak

OLATUAK SUTZEN DIRENEAN
Haritz Larrañaga Altuna
Txalaparta, 2025

Zarautz, 1980ko hamarkada. Etxe berean urtebeteko aldearekin sortu diren bi anaiaren bizitzari jarraitzen dio Larrañagaren lehen eleberriak. Haurtzaroa eta heziketa konpartitu arren, bide desberdinei heldu diete: bata, askatasun indibidualaren bila, itsasoan babestuko da, surflari porrokatu bihurtuta; bestea, askatasun kolektiboa helburu, borroka armatuaren olatuan murgilduko da.

 

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.