Idazle zarauztarrak nobela distopikoa kaleratu du: Reset (Erein). Aurkezpenean azaldu duenez, “bi gai nagusi daude liburuan: teknologiaren gehiegizko erabilpena eta klima aldaketa”, eta biak existitzen ez den gizarte berri batean elkartu ditu. Hala, Klaustro Zuria izeneko aginte taldeak zorrozki1 zuzentzen du gizarte teknologiko, ustez justu eta aurreratua, baina bertako biztanle batzuk gehiegizko kontrolaz jabetu eta horren aurka borrokatzeko antolatzen hasiko dira. Etxeberriak bi planotan garatu du istorioa. Aurrenekoan, lehen pertsonan hitz egiten duen pertsonaia espetxe batetik lan eremu espezializatu batera daramate. Bigarrenean, hirugarren pertsonan kontatua, agintarien ikuspegia azalduko zaio irakurleari, nola ari diren jokatzen hastear den iraultzaren aurka.
1. Zorrozki: severamente (es), sévèrement (fr).
URTE URDIN IHESAK kaleratu du Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak, Elkar argitaletxearekin. Egileak bere geografia hurbilera eta memoria intimora jo du liburu pertsonal bezain unibertsala ontzeko, oroimenaren eta fikzioaren arteko jokoan. Izan ere, protagonista garai bateko kontuez ariko da solasean amarekin, ia 100 urte dituenarekin, kalean honi eta hari begira jarrita: orduko baserriak eta tabernak, lanak eta jolasak, ikarak eta ametsak... aspaldiko gertaerez eta pasadizoez2 kontu-kontari.
2. Pasadizo: anekdota.
ERRUKI ONEZ
Dennis Lehane
Itzulpena: Koro Navarro Etxeberria
Igela, 2025
Boston, 1974. Mary Pat Fennessy ama langilea da, eta alaba aurrera ateratzeko borrokan bizi da. Jules, alaba nerabea, udako gau batean desagertu da eta Mary Patek bilaketari ekin dio. Etsipenari eta erresistentziari buruzko nobela lazgarri eta hunkigarri honek thriller paregabeen pultsu narratibo bizia du: infernuari ere aurre egiteko prest dagoen amaren suak eskuak erreko dizkigu.
AMAZURTZA
Joxan Oiz Arruti
Txalaparta, 2025
Donostia, 1876ko ilbeltza3. Karlisten bonbapean dago hiria, baina gerra amaitzen denerako prestatzen ari dira, kaleak zabaltzen, bazterrak argitzen... Eta, hiriaren garapen horri loturik, hainbat poltsiko betetzen. Zenbaitek, ordea, etsaiak garbitzeko4 probestuko du iskanbila. Kapela saltzaile bat egia bilatzen saiatuko da; mikelete, miliziano zein karlista, denek janzten dutelako inoiz txapela.
3. Ilbeltz: urtarril, urteko lehen hila.
4. Garbitu: erail, hil, akabatu.