'Titikornio' nobela kaleratu du Irati Garmendiak

Idazle gipuzkoarra bere bizipenetan oinarritu da helduentzako bere lehen eleberria idazteko. Minbiziaren errealitate gordina islatzen du Ereinek argitaratutako liburuak, June baitu protagonista nagusia, besapean koskor bat nabaritu duen emakumea. Halere, kontakizuna korala da, Juneren ingurukoek (Kontxi ama, Mikel bikotekidea, eta Markel eta Kattalin seme-alabak) modu desberdinean biziko dutelako diagnostikoa. Hala1, pertsonaia horien ikuspuntua ere kontatzen da haietako bakoitzari eskainitako kapituluetan. Idazleak zuzeneko estiloa erabili du prozesuan zehar sortuko diren beldurra, mina, haserrea eta tristura azaltzeko. Garmendia Haur Hezkuntzako irakaslea da ofizioz, eta idazlea afizioz: Xomorro lapurra album ilustratua eta Ortuko bizitza ipuin-bilduma plazaratu ditu aurretik.

'Jende modernoa' Bartzelonako metroan
Helena Azkarragaurizar ilustratzaileak eta Bertol Arrieta idazleak elkarrekin ondu2 dute Jende modernoa komikia (Elkar). Mikel eta haren aita dira protagonistak. Aita, alargun3 erretiratua, semea bisitatzera joan da Bartzelonara. Mikelek plana prestatu du, baina aitak metroa baino ez du ikusi nahi, lurpeko trenak egiten aritu delako lantegian. Labirinto horretan mugituko dira aita-semeak, metroan noraezean⁴, barruan gordetzen dituzten itzal eta sekretu ikusezinekin zer egin asmatu ezinik.


IZAN GIZONA
Aritz Galarraga
Alberdania, 2026
Simone de Beauvoirren esanetan, emakumeak ez dira emakume jaiotzen, emakume bilakatzen5 dira. Eta nola bihurtzen da mutikoa gizon? Bada, gizarteak ezarritako mandatuei jarraikiz, inposatutako gizon-eredu bat delako nagusi. Gizon konkretu bat nola osatzen den erakusten da hemen, gizontasuna finkatzen⁶ duten instituzio nagusiak aztertuz: familia, eskola, maitasuna, lagunartea, gizarteratzea...
1. Hala: así pues (es), donc (fr).
2. Ondu: sortu, egin.
3. Alargun: viudo, -a (es), veuf, -ve (fr).
4. Noraezean: sin rumbo (es), sans but (fr).
5. Bilakatu: transformar(se) (es), (se) transformer (fr).
6. Finkatu: consolidar (es), consolider (fr).

