Jaiki zaitez goizeko bostetan; ez aldendu zure lanpostutik ezta jateko ere; berehala egin ditzakezun lanak berehala egin; erdi bukatuta dituzunei dagokienez, ez alde egin lantokitik guztiz bukatu arte; utzi lankideekiko harreman erdi humanoak teambuilding saio ofizialetarako...
Gero harritu egiten gara norbaitek burua erabat galdu eta merkataritza gune batean sarraskia egiten duenean. Turbokapitalismoak gurpil zeharo zoroan sartu gaitu, eta, gainera, denok bere pentsamoldearekin bat egiten dugula konbentzitu nahi gaitu.
Silicon Valley, teknologiaren industria, ideologia ere badela irakurri nuen aurrekoan. Are gehiago, ideologia ez ezik, nortasunaren nahasmendua ere badela, gaixotasun mentala. Nahikoa da izen batzuk aipatzea kontua erraz ulertzeko: Mark Zuckerberg, Sam Altman, Elon Musk... Batmanen pelikuletan bezala, zoroetxetik ihes egindako gaizkile pitzatuak jabetu dira hiriko aginteaz.
Zera esan nahi dut: noiz onartu dugu gutako bakoitzaren bizitzako helburua lanean produktiboagoa izatea dela? Noiz naturalizatu dugu lan gehiago egiteko goizaldeko bostetan altxatzea gauza desiragarria eta, are gehiago, eredugarria dela? Noiz bilakatu dugu sozialki gertagarri anabolizatzailez horditutako umemoko batek diruaren, produktibitatearen eta halakoen gurtzan oinarrituta sekta bat eraikitzea?
Begira zein puntutaraino iritsi garen: bada enpresa bat, Synthesia, adimen artifiziala erabiliz beste edozein enpresatako langileen abatarrak egin ditzakeena, besteak beste bilera telematikoetan benetakoen ordez parte hartzeko. “Orain, ubikuotasunaren boterea duzu!”. Hau da: egon zaitezke zu gela batean bilduta, laneko hamaika marroiri aurre egin nahian, eta ondoko gelan zure biki digitala, beste bilera batean, zuretzako beste hamaika marroiren zerrenda egiten. Laburbilduta, lan egiten egoteak ez dezala oztopa lan gehiago egitea. Dena, jakina, produktibitate eta eraginkortasun sakrosantuen izenean.
Ez bada amesgaizto kontzeptuala, esango didazue zer den hori!

LOTURAK

https://labur.eus/farell
Maria Farellen artikulua: Silicon Valleyren ikuspegia gaixotasun mentala da. (Ingelesez)
https://labur.eus/mentala
Produktibitatearen inflazio etengabeak gure osasun mentala kaltetzen du. Ez diot neuk bakarrik.
https://digitalan.eus/eu
Eusko Jaurlaritzak sortutako ‘kalkulagailu’ honek zure lanpostuko osasun digitala neurtzen lagundu, eta neurriak proposatzen dizkizu.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.